Udaberria euskaltegiak 30.000 pertsona euskaldundu ditu 50 urtean

Jon Hidalgo 2026ko uztailaren 3a

900 eta 1.000 ikasle artean daude egun Udaberrian matrikulatuta. Argazkia: Udaberria euskaltegia.

Mende erdia bete du euskaltegiak 1976an Gasteizen sortu zenetik, eta Arabako euskaltegien artean erreferentziazko zentroetako bat bihurtu da. 1.000 ikasle inguru ditu egun matrikulatuta, A1 eta C2 mailen artean.

1976ko abenduan sortu zen Udaberria euskaltegia, euskararen sustapenarekin konprometitutako herritar talde baten ekimenez. Bost hamarkadatan 30.000 ikasle inguru igaro dira euskaltegitik eta 200 irakasle inguruk osatu dute irakasle taldea. Gaur egun, 900 eta 1.000 ikasle artean ditu, 30 langileko plantilla eta A1etik C2ra bitarteko eskaintza. Gainera, 1994-1995 ikasturtetik Urduñan ere eskaintzen ditu eskolak.

Lehen urteetan baliabide urriekin jardun zuen euskaltegiak; ikastetxe, parrokia eta beste erakunde batzuetako lokaletan ematen zituzten eskolak, eta material didaktiko eskasia zen nagusi. 1976-1977 ikasturtearen amaieran bederatzi irakasle eta 90 ikasle inguru zituen. Baina asko aldatu da egoera ordutik.

Gizarte aldakorrera egokituz

Udaberria euskaltegitik azpimarratu dute ikasleen profila nabarmen aldatu dela azken 50 urteotan. Hasierako urteetan euskarara hurbiltzen ziren askok beren kultur nortasuna indartzeko egiten omen zuten gehienbat, eta gaur egun arrazoi ugari daude hizkuntza ikasteko. Azken urteetan, gainera, atzerritik etorritako ikasleen kopurua handitu egin da, euskaran tresna bat aurkitu dutenak gizarteratzeko eta komunitatean parte hartzeko.

Egoera berrietara egokitzeko, euskaltegiak metodologia komunikatiboak, online prestakuntza eta tresna digitalak txertatu ditu. Rakel Larrazabal zuzendariaren esanetan, 50 urte betetzeak esan nahi du "euskararen irakaskuntzari, transmisioari eta normalizazioari lotutako ibilbidea" finkatu dutela.

Etorkizunera begira, belaunaldi berrien artean euskara sustatzen jarraitzea eta hizkuntzaren erabilera ikasgeletatik harago indartzea izango dira erronka nagusietako batzuk, zuzendariak aipatu duenez.

Matrikula irekia

50. urteurrenarekin batera, Udaberria euskaltegiak zabalik du matrikula udako ikastaro trinkoetarako, uztaila eta irailerako, eta baita 2026-2027 ikasturterako ere. Berritasunen artean aipatu dute HABE eta Jaurlaritzak sustatutako Euskara Bonua programa. Laguntza horren bidez, ikasleek lau urtean A1 mailatik B1era iristeko aukera izango dute, 120 euro ordainduta behin bakarrik, programak ezarritako baldintzen barruan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago