Uztailean kaleko artez beteko da Gasteiz Kultura Plazara! ekimenarekin

Jon Hidalgo 2026ko uztailaren 1a

Gasteizko Udalean aurkeztu dute aurtengo egitaraua. Argazkia: Gasteizko Udala.

Gasteizko Udalak 8 ikuskizun antolatu ditu uztaileko astearte eta ostegunetan, hiriko hainbat auzotan. Antzerkia, magia, zirkua eta txotxongiloak uztartuko dituzte Gasteizko plazetan, publiko guztientzat pentsatuta.

Kultura Plazara! egitasmoak berriro hartuko ditu Gasteizko auzoak uztailean, kaleko arteen laugarren edizioarekin. Udalak antolatuta, eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz, guztira zortzi ikuskizun eskainiko dira astearte eta ostegunetan, 19:30ean, hiriko hainbat gunetan. Programak dantza, clowna, antzerkia, magia eta zirkua uztartuko ditu, umorea ardatz hartuta eta familiei zuzenduta bereziki.

Egitaraua uztailaren 7an hasiko da Zabalgana auzoan, Chicharron konpainiaren Sin Ojana dantza eta malabar emanaldiarekin. Ondoren, lekukoa hartuko dute Ganso & Cíaren clown proposamenak (Caracas kalean) eta La Pez konpainiaren antzerki inprobisatuak (Ibaiondon).

Hilabetearen erdialdean, Abetxukon eta Hegoalden txotxongiloak eta zirkua izango dira protagonista, Ovidioren istorioak eta Orain-Bi konpainiaren Mute zirku ikuskizuna lagun. Astearen amaieran, Salburuan magiak hartuko du plaza, eta azken astean Judimendiko parkean ikusleen parte hartzea eskatuko dute, antzerki proposamen batekin.

Egitaraua uztailaren 30ean amaituko da Musikaren Ibilbidean, Jimena Cavalletti konpainiaren testurik gabeko B.O.B.A.S. lanarekin. Antolatzaileen arabera, egitasmoak "kultura kalean partekatzeko eta gozatzeko" aukera eskaini nahi du, bertako zein kanpoko konpainien lanak hurbilduz eta hiriko auzoetan kultur giroa sustatuz.

Ondorengo irudian ikus daiteke egitarau osoa:

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago