Zazpi adingaberi sexu abusuak egiteagatik 2022an zigortu zituzten azken lau gizonen abokatuek aurkeztutako helegite guztiak atzera bota ditu Espainiako Auzitegi Gorenak. Hilabete honetan bertan sartu beharko lukete kartzelan lau gizon hauek, El Correo egunkariak jakinarazi duenez. Auzia ireki zenetik hamar urte igaro dira jada.
Gertakariak 2016ko otsailetik hurrengo urteko urtarrilera bitartean jazo ziren, eta guztira bederatzi gizon epaitu zituzten zazpi adingaberi -sei mutiko eta neska bati- sexu-abusuak egiteagatik. Horietako bi gutxienez Arabako Foru Aldundiaren tutoretzapean zeuden Sanshoeta zentroan. 2022ko abenduan, Arabako Probintzia Auzitegiak urtebete eta hamabost urte arteko espetxe zigorra ezarri zien bederatzi gizon horiei, adingabeak galbideratzea, sexu abusua eta sexu erasoa egotzita.
Akusatuek epaiketan esan zuten ez zekitela biktimak adingabeak zirela, gazteek 18 urte zituztela esaten zietelako eta helduen orrietan publizitatea egiten zutelako. Alta, ebazpenean epaileak frogatutzat jo zuen akusatuen argudio horren kontra aurkeztu ziren frogak, hala nola biktimetako baten deklarazioa esanez auzipetuetako baten aurrean adingabea zela aitortu zuela, eta sumarioan jasotako argazkiak, fiskaltzak azpimarratu zuenez, "umekiak" zirela erakusten dutenak.