Oldarraldiak hezkuntzara salto egin duela salatu du Kontseiluak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko ekainaren 30a

Azaroak 4ko manifestazioaren irudi bat. Argazkia: E.KONTSEILUA

Elkarretaratzeak deitu ditu Kontseiluak campusetan. Uztailaren 2an, 12:00etan, hiru elkarretaratze egingo dira Bilbon, Donostian eta Gasteizen, Justizia euskararentzat, euskara guztiontzat lelopean.

Euskararen kontrako oldarraldiak hezkuntza sistema jomugan jarri duela salatu du Euskalgintzaren Kontseiluak. Azken erasoa bereziki larria dela azpimarratu du, hezkuntza sistema delako "euskararen normalizazio eta biziberritzean aurrera egiteko ardatz nagusietako bat", eta azken hamarkadetan euskararen normalizazioan izandako irabazpenik handienak, hain justu, hezkuntzak egindako ekarpenari esker gertatu direlako.

Unibertsitatera sartzeko probako (USaP) Euskara eta Literatura II azterketan zenbait ikaslek izan dituzten emaitza eskasak euskararen normalizazioaren kontrako "oldarraldi antolaturako" baliatu izana salatu du Kontseiluak. Gainera, azterketaren inguruko gertakariek "euskararen desofizializazio prozesua" indartu dutela esan du, eta euskarari uko egitea "pribilegioa" bihurtu dutela azpimarratu du.

Auzi honetan Eusko Jaurlaritzak hartu duen jarrera kritikatu du Kontseiluak. Erakundearen ustez, Jaurlaritzak benetako arazoari heldu beharrean, azterketen zuzenketan aritu diren irakasleak seinalatu dituelako, "haien ezagutza, doitasuna eta sen ona zalantzan jarriz". Ildo horretan, Kontseiluak gogoratu du aspaldi aldarrikatzen ari dela egungo hizkuntza ereduen sistema bertan behera utzi eta gainditu egin behar dela, eta euskarazko ikasteredua orokortu behar dela, euskara gutxien duenari gehiago ematea izanik iparra.

Guzti honen aurrean, Euskalgintzaren Kontseiluak hiriburuetako campusetan hiru elkarretaratze deitu ditu ostegun honetarako, 12:00etan Bilboko Ingeniaritza Eskolan, Donostiako Karlos Santamaria Zentroan eta Gasteizko Letren Fakultatearen aurrean, Justizia euskararentzat, euskara guztiontzat lelopean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago