Gasteizko Alde Zaharrean bizi dira Driss eta Sanae, 8 eta 10 urteko bi haurrekin batera, eta familia etxegabetze arriskuan dago, Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez. Familiak hamalau urte daramatza etxebizitza berean bizitzen, Kanpokale berrian, eta epe horretan guztira 75.600 euro ordaindu ditu alokairuan.
Etxegabetzearen prozesua 2022ko urtarrilean abiatu zen, jabeak zor baten ondorioz kaleratze agindua emanda. Familiaren arabera, ordainketak eskudirutan egiten zituzten, eta horrek zaildu egin du ordainketen erregistroa eramatea. 2021ean transferentzia bidez ordaintzea eskatu bazuten ere, frogak egon zitezen, jabeak ez zuen onartu, eta 2022an heldu zen kaleratzeko mehatxua. Epaiketa egin ondoren, etxegabetzeen moratoriari esker prozesua urtez urte atzeratuz joan zen 2025eko abendura arte.
Maiatzaren 7an prozedura berraktibatu zen, eta salatu dutenez, familiaren abokatuak haiekin kontsultatu gabe onartu zuen 2.487,24 euroko interesen zorra, kaleratze aginduarekin batera. Auzokideen mobilizazioari esker, familiaren egoera zaurgarria frogatzea lortu dute, eta hasieran uztailaren 9rako aurreikusita zegoen etxegabetzea irailaren 25era arte atzeratu da, baina irtenbiderik gabe jarraitzen du familiak, ohartarazi dutenez.
Eskola eta auzokideen babesa
Egoerak kezka handia sortu du Ramon Bajo eskolako komunitatean. Irakasleek eta guraso elkarteko kideek nabarmendu dute etxebizitza arazoek eragin zuzena dutela haurren ongizatean eta ikaskuntza prozesuan. "Ezinezkoa da ikasketetan zentratzea etxegabetze arriskuak sortzen duen ezegonkortasun eta estresarekin", adierazi dute. Gainera, hezkuntza eskubidea eta etxebizitza eskubidea lotuta daudela azpimarratu dute, eta ezin dela lehenengoa bermatu bigarrena ziurtatzen ez bada.
Familiak salatu du, gainera, Gasteizko Udaleko gizarte zerbitzuek ez dietela benetako alternatibarik eskaini negoziazio prozesuan zehar. "Proposamen bakarra alokairu pribatuan etxebizitza bilatzea izan da", azaldu dute. Aukera hori ezinezkoa dela salatu dute, batez ere alokairuen prezio altuak direla eta, etxebizitza sektoreko filtro arrazistez gain.
Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatuak ohartarazi du etxegabetzeen moratoria amaitzeak ondorio larriak izango dituela, babesik gabe geratuko baitira orain arte neurri horren bidez etxegabetzea saihestu duten familia zaurgarriak. Gasteizen alokairuaren batez besteko prezioa 1.200 eurotik gorakoa dela azaldu dute, eta horri gehitu behar zaizkiola merkatura sartzeko oztopoak: aseguruak, lan kontratu mugagabe eskaerak edo fidantza altuak, besteak beste.
Halaber, salatu dute diskriminazioak ere eragina duela etxebizitza eskuratzeko orduan, bereziki jatorriagatik baztertzen diren familietan. Sindikatuaren ustez, egoera honek agerian uzten du etxebizitza, eskubidea baino gehiago, merkantzia gisa tratatzen duen sistema baten ondorioa dela.
Auzoko eragileek, Ramon Bajo eskolako irakasleek, ikasleen familiek eta bestelako kolektiboek mobilizazioak egin dituzte familiari babesa adierazteko eta administrazioei irtenbideak eskatzeko. Besteak beste, abandonatutako etxebizitzak erabiltzeko neurriak hartzea eta gizarte zerbitzuen baliabideak handitzea eskatu dute. Elkartasuna aldarrikatu dute auzokideek, eta antolatzeko deia egin: "Auzoko bizilagunak auzoan geratuko dira".