Haurren aisialdirako espazio seguru bat eskatu dio Kimuak taldeak udalari

Jon Hidalgo eta Ekaitz Anda 2026ko ekainaren 29a

Kimuak Atarrabi aisialdi taldearen agerraldia. Argazkia: EKAITZ ANDA

Azken hamahiru urteotan erabili duen lokalaren egoera kaskarraz ohartarazi dute, eta udalaren utzikeria salatu. Haur eta gazteei zuzendutako aisialdi euskalduna arriskuan dagoela adierazi dute, eta premiazko irtenbidea eskatu diote udalari.

Kimuak Atarrabi aisialdi taldeak prentsaurrekoa eskaini du gaur arratsaldean Gasteizen, azken urteotan erabiltzen duen lokalaren egoera publikoki salatzeko. Taldeak azaldu duenez, udalaren ardura den espazioa gero eta egoera okerragoan dago eta, gaur egun, ez da segurua haurrentzat.

Gasteizen aisialdi euskaldun eta alternatiboa sustatzen duen taldea da Kimuak, eta gaur egun 50 haur eta gazte inguruk parte hartzen dute urtean zehar antolatzen dituzten jardueretan. Besteak beste, larunbatetako ekintzak, irteerak eta udalekuak eskaintzen dituzte, eta 25 familia inguru biltzen dituzte.

35 urte baino gehiagoko ibilbidea du Kimuak Atarrabik, eta azken 13 urteetan Molinuevo parkeko lokal bat erabili dute, Gasteizko Udalarekin 2013an sinatutako hitzarmenari esker. Akordio horretan, udalaren arabera, Kimuaken jarduna "gizarte interesekoa eta haurren onurarakoa" zen, eta mantentze lanak bere gain hartu zituen udalak. Taldeak salatu du konpromiso hori ez dela bete, eta akordioa iraungita dagoela.

Espazio arriskutsua

Gaur egun, lokalak hezetasunak ditu, itoginak, zuloak ditu sabaian eta "azpiegitura kaskarra" orokorrean, begiraleek adierazi dutenez, eta horrek "arriskuan jartzen du bertan egiten den jarduera". Hiru urte daramatzate udalarekin harremanetan irtenbide bila, baina salatu dute jasotako alternatibek ez dietela euren beharrei erantzun.

Eskainitako aukeren artean beste ekipamendu batzuk egon dira, baina Kimuaken arabera, horietan ezin dira jarduerak modu egokian egin, ezta materiala behar bezala gorde ere. Horregatik, azken urteetan irtenbide osagarriak bilatu behar izan dituzte, besteak beste Odon Apraiz eskolako frontoia erabilita.

Taldeak azpimarratu du egoera honek oztopatu egiten duela beren benetako jarduna, "haur eta gazteei aisialdi euskaldun eta kalitatezkoa eskaintzea". Udalari eskatu diote baldintza egokiak dituen lokal bat eskaintzeko, eta epe motzean bilera bat egiteko irtenbide bateratua adostera bidean.

Argazkiak: EKAITZ ANDA / ALEA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago