Gasteizko Udaltzaingoak bi gizonezko atxilotu ditu asteburuan. Sexu erasoa leporatuta 41 urteko gizonezko bat atxilotu dute larunbatean, eta igandean, berriz, 47 urteko beste gizon bat, emaztea adingabeko seme-alaben aurrean jotzeagatik.
Lehen atxiloketa larunbat eguerdian egin zuen Poliziak, Pintore kaleko taberna batean emakumezko bati sexu ukituak egitea leporatuta gizon bat atxilotu zuten. Biktimak emandako deskribapenari eta gertakarien lekuko baten laguntzari esker, poliziek ustezko erasotzailea aurkitu eta atxilotu zuten.
Bigarren atxiloketa igande goizean egin zuen poliziak, genero indarkeriaren esparruan lesio delitu batengatik. Kasu honetan 092 telefono zenbakira egindako dei batek ohartarazi zuen Babesgabetuen auzoko etxebizitza batean eztabaida bortitza zegoela. Poliziaren arabera, senarrak emaztea jo zuen adingabeko seme-alaben aurrean.
Bi kasuak dagokion epaitegiaren esku geratu dira ikerketa judizialaren zain.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.