Olatu erreakzionarioari aurre egiteko "hesia" osatu dute Gasteizen

Anakoz Amenabar 2026ko ekainaren 29a

LGTBIQ+ eskubideen aldeko manifestazioa, Gasteizen. Argazkia: EH BILDU

LGTBI komunitatearen nazioarteko egunarekin bat, gizarte eragileek indarrak batu dituzte "autoritarismoari eta militarizazioari aurre egiteko"

Gasteizko hainbat gizarte eragilek indarrak batu dituzte ekainaren 28an, LGTBI komunitatearen nazioarteko egunean, egungo testuinguru politikoan zabaltzen ari den "autoritarismo eta militarizazio" oldarraldiari aurre egiteko. Gasteizko mugimendu transmaribibolloak, besteak beste, hizkuntza gutxituen zapalkuntza, eskuin muturraren gorakada, arrazakeria, kapazitismoa eta Palestinako genozidioa salatu ditu.

Euskal Herrian Euskaraz eta Gasteiz Antirrazista taldeek nazio, hizkuntza eta arraza zapalkuntzen arteko lotura zuzena nabarmendu dute. Euskaraz bizitzeko eskubidea estatu inperialisten erasoen jomugan dagoela salatu du euskalgintzako eragileak, eta konponbidea "euskaraz ikastea, bizitzea, maitatzea eta borrokatzea" dela adierazi du. Bestalde, kolektibo antirrazistak gogoratu du transmaribibollo borroka ezin dela ulertu kolonialismoaren aurkako borrokarik gabe, eta muga-politikei zein atzerritarren legeari aurre egiteko aliantzak ehuntzen jarraitzeko deia egin du.

Zaintzaren eta dibertsitate funtzionalaren esparruko erakundeek ere euren aldarrikapenak plazaratu dituzte, ikusgarritasuna eskubidetzat joz. Oneka emakume pentsiodunen elkarteak argi utzi du LGTBIQ+ adineko pertsonak ez daudela prest zaintza duinen truke "berriz ere armairura eta isiltasunera itzultzeko". Ildo beretik, Eginaren Eginez elkarteak kapazitismoaren bazterkeria salatu eta aniztasun funtzionala duten pertsonen lekua exijitu du, bizitza independentea eta herritartasun osoa lortzeko autodeterminazioa aldarrikatuz.

Gasteizko Mugimendu Feministak eta Sumud Flotilla Euskal Herria taldeak intersekzionalitatearen garrantzian sakondu dute alternatibak eraikitzeko. Aktibistek adierazi dutenez, "genero eta sexualitate askapena ezin dira bereizi arraza justiziatik eta nazio askapenetik". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago