Euskarazko filmekin hasiko da gaur Korterraza

Anakoz Amenabar 2026ko ekainaren 24a

Korterraza saioa, iaz, Izaskun Arrue Kulturgunean. Argazkia: KORTERRAZA

Pelaxen kontzertuarekin abiatuko da programazioa, 19:00etan, Izaskun Arrue Kulturgunean.

Gaur hasiko da Korterraza, Gasteizko aire zabaleko film laburren jaialdiaren 17. edizio nagusia, larunbatera arte luzatuko dena. Korterraza M3moriaren ekainaren 12ko saioaren ostean, Izaskun Arrue Kulturgunean abiatuko da gaur programazioa 19:00etan, Pelaxen musika emanaldi batekin. Ordubete geroago, 20:00etan, film laburren lehenengo txanda hasiko da gune berean.

Lehenengo saio honek azken urteko euskarazko ekoizpenaren bost film labur eskainiko ditu, hainbat genero eta istorio uztartuta. Ikusgai izango diren lanen artean daude Bertako Igogailuak-Euskera Saria irabazi duen Julen Duhau-ren Eguneroko legez, Aner Etxebarria eta Pablo Vidalen Abata dokumentala, Lorea Lyons eta Ane Ines Landetaren Azkena hausnarketa, Danel Garai eta Laura Barquinen Azpian suspensezko lana, eta Maren Zubeldia nahiz Silvina Guglielmottiren Ultramarino. Proiekzioen ostean, mahai inguru bat egingo dute film laburren protagonistekin, euskaraz filmatzearen erronkak eta banaketa aztertzeko.

Musika eskaintzari dagokionez, Unai Pelayo musikariaren bakarkako proiektua den Pelax jatorrira itzuliko da Izaskun Arrue Kulturgunean, iaz argitaratutako Koberrak bakarkako diskoa aurkezteko. 2013an sortu eta denborarekin talde formatura eboluzionatu ostean, Korterrazan bere hasierako formatu soilagoa berreskuratuko du, ahots eta gitarra hutsez. Bihar, ekainak 25, jaialdia Artium museoaren kanpoaldera aldatuko da; bertan kontzertu bikoitza egongo da, 18:30ean, A Contra Blues eta Moonshine Wagon taldeekin, eta 22:00etan barruko plazan hasiko dira sail ofizialeko film laburren emanaldiak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago