Anne Baskaran Egido ilustratzailearen Zuriaren, zure, gure… jaiak izeneko kartela izango da 2026ko Gasteizko jaietako irudia, Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako lehiaketan nagusituta. Epaimahaiak berehala nabarmendu du kartelaren izaera inklusiboa, askotarikoa eta hiriaren nortasunarekin guztiz lotua. Sonia Diaz de Corcuera zinegotziak azaldu duenez, kartelak "jaietako elementu bereizgarriak eta Gasteizko lau dorre ikonikoak uztartzen ditu, festarako gonbidapen argia eginez".
Egileak berak azaldu du kartelaren helburua dela Gasteizko jaiak bizitzeko dauden modu anitzak irudikatzea. Hala, txistularien musika, blusen eta nesken jantziak, abuztuaren 5eko lore eskaintza, Farolen prozesioa edo umeentzako buruhandiak bezalako eszenak ageri dira, guztiak hiri berde baten testuinguruan kokatuta. Baskaranen esanetan, ideia nagusia da "jaiak pertsona guztienak direla eta ez dagoela horiek bizitzeko modu bakarra", Zeledonen agerpenetik hasita.
Lehiaketak parte hartze zabala izan du, 49 egilek aurkeztu dituzte proposamenak. Lehen fasean bost finalista hautatu zituzten, eta bakoitzak 500 euro jasoko ditu. Bigarren fasean, berriz, Baskaranen lana izan da garaile, eta 2.000 euroko saria eskuratu du. Epaimahaia Arabako diseinu arloko bost profesionalek osatu dute, DIGA elkarteko eta hiriko arte eskoletako ordezkariekin batera.

Anne Baskaran Egido
30 urteko ilustratzailea da Baskaran, Gasteizen jaioa eta Mondragon Unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatua. 2022an argitaratu zuen bere lehen album ilustratua, Izar saltzailea, eta ordutik erakusketak, enkargu pertsonalizatuak eta hedabideetarako lanak uztartu ditu. Berria egunkariko Mantangorri gehigarrian ere hilero egiten ditu ilustrazioak. Bere estiloa "figuratiboa eta narratiboa" da, paleta bizi eta adierazkorrarekin, eta landareak, loreak eta emakumeak dira bere unibertso bisualeko elementu nagusiak.