Hamaika Telebistak Gasteizko egoitza itxiko du, egoera ekonomikoak behartuta

Jon Hidalgo 2026ko ekainaren 24a

Hamaika TB-ren egoitza Bilbon. Argazkia: Hamaika TB.

Uztailaren 1ean itxiko dute Gasteizko egoitza. Erabakia mingarria dela adierazi dute, baina euskarazko komunikazio proiektuarekin jarraitzeko konpromisoa berretsi dute. Euskal hedabideen ahulgune estrukturalez ohartarazi dute.

Hamaika Telebistak Gasteizko egoitza ixteko erabakia hartu du, uztailaren 1etik aurrera. Zuzendaritzaren arabera, azken urteotan Araban presentzia fisikoa izatea erabaki estrategikoa izan da, euskararen normalizazioan eta lurralde orekan sakontzeko, baita Arabako errealitatea gertutik ezagutzeko ere. Hala ere, egungo egoera ekonomikoak behartu ditu neurri "mingarri" hau hartzera.

Telebistako arduradunek nabarmendu dute egoitzaren itxierak ez dakarrela proiektuaren amaiera. Kontrara, euskarazko ikus-entzunezko komunikazioan lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute. Hala ere, kezka agertu dute euskal komunikazio sistemaren osasunaren inguruan, azken urteotan hainbat hedabidek jarduera murriztu edo desagertu egin direlako, eta beste askok egoera ekonomiko zaila bizi dutelako.

Testuinguru zabalago batean kokatu dute erabakia: "komunikazio sektorea eraldaketa sakonean murgilduta dago, kontsumo ohiturak aldatzen ari dira, plataforma digitalak nagusitu dira eta publizitatearen zati handi bat nazioarteko eragileen esku geratu da". Horri gehitu diote adimen artifizialaren iritsierak erronka berriak sortu dituela, eta euskarazko hedabideek baliabide ekonomiko oso mugatuekin egin behar dietela aurre aldaketa horiei.

Hamaika Telebistaren arabera, euskal hedabideen balioa ezin da soilik irizpide ekonomikoen arabera neurtu. Euskararen normalizazioan, kultur transmisioan eta tokiko informazioaren demokratizazioan duten eginkizuna azpimarratu dute, eta gogorarazi dute euskarazko komunikabideak ez direla "gastu hutsa", baizik eta herri gisa egindako inbertsio estrategikoa. Etorkizunari begira, gizarteari eta erakundeei hausnarketa partekatua eskatu diete: ea zer leku eman nahi zaion euskarazko komunikazioari.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago