Gorka Knorrek Manuel Iradier txangolari elkartearen areto nagusian lehenengo emanaldia egin zuenetik 55 urte bete direnean, bere ibilbide musikala gogoratzeko bi kantaldi antolatu dituzte Iraun izenburupean, uztailaren 10ean eta 11n, Arkabian.
Abesti ezagunekin batera, berriak eta argitaragabeak ere aurkeztuko ditu Knorrek. Besteak beste garaiko zentsurak debekatu zuen Gasteiz Martxoak 3, Irailak 27 kanta berreskuratuko du. Gasteizko martxoaren 3ko gertakariei buruzko abesti horren grabazio anonimo bakarra ezagutzen da, Knorrek Lluis Llachekin Donibane Lohizunen 1976ko irailean egindako kantaldira joandako batek magnetofono batekin grabatutakoa.
Arkabiako emanaldietan Knorrek Carles Cases izango du alboan, Goya eta Gaudi sarietarako hainbat aldiz izendatua izan den musikari katalana eta, besteak beste, Lluis Llach kantariaren 14 diskoren moldaketa musikalen egilea, baita Matthieu Haramboure Ipar Euskal Herriko musikari eta baxu jotzaile ezaguna eta Aitor Furundarena Beasaingo akordeoi jotzailea ere.
Ibilbide musikala
1971n egin zuen lehenengo emanaldi hartan, kantu propioez gain, Knorrek kantu tradizionalak eta Mikel Laboa, Antxon Valverde eta Oskorriren beste batzuk interpretatu zituen. Eduardo Gonzalez de Mataukok egin zituen aurkezpenak, Knorrek abestu eta gitarra jo zuen, eta Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur ere aritu zen gitarra jotzen.
Bizitzaren gorabeherak direla eta gero bakarka jarraitu zuen musika ibilbidearen hasiera izan zen eta Jesus Obrero euskal kultura taldeak, Gasteizko Guridi Antzokian, Xabier Lete, Lurdes Iriondo eta Benito Lertxundirekin batera antolatutako jaialdi batean finkatu zen ibilbide hori. Handik aurrera hasi baitzen ohikoa izaten Knorr euskal kantagintza berriko artista ospetsuekin batera egingo ziren emanaldietan.