MugiBike zerbitzuan 15.000 bidaiatik gora egin dira lehen sei hilabeteetan

Jon Hidalgo 2026ko ekainaren 22a

80 bizikleta daude hirian zehar erabilgarri. Argazkia: Gasteizko Udala.

Gasteizko bizikleta elektrikoen alokairu sistemak hazkunde nabarmena izan du martxan jarri zenetik, 64.000 kilometro eginak, eta CO2 isurien murrizketa esanguratsua. Udalak balorazio "oso positiboa" egin du, eta erabiltzaileen ohituretan aldaketa nabariak antzeman direla adierazi.

MugiBike zerbitzu publikoak sendotzen jarraitzen du Gasteizen, eta lehen sei hilabeteetan 15.186 bidaia erregistratu dira. Guztira, erabiltzaileek 64.000 kilometro baino gehiago egin dituzte bizikleta elektrikoetan, eta 6.000 erabilera ordu inguru pilatu dira. Sareak 80 bizikleta ditu hiriko hainbat puntutan banatuta, eta eguneroko erabilerak 180 joan-etorri ingurura iritsi dira. Gainera, udaletik adierazi dutenez, sistemak 4,2 tona CO2 isurtzea saihestu du, auto batek 25.000 kilometro egitean sortzen duen kutsaduraren parekoa.

Beatriz Artolazabal alkateordeak datuen bilakaera "oso positiboa" izan dela nabarmendu du. Zerbitzua martxan jarri zenetik, erabilerak etengabe egin du gora; urtarrileko 1.474 bidaietatik maiatzeko 3.677ra igaro da, %150eko hazkundea sei hilabetean. Kilometro kopuruak eta erabilera orduek ere antzeko gorakada izan dute, eta bizikleta bakoitzaren txandakatzeak ia hirukoiztu egin dira. Ekainaren 7an, gainera, zerbitzuak bere errekorra hautsi zuen, bizikleta bakoitzak lau erabilera izan zituen, batez beste.

Artolazabalen hitzetan, MugiBike pasa da "jakin-mina pizten duen berritasun bat izatetik, hiriko eguneroko mugikortasunaren elementu garrantzitsu bihurtzera". Zerbitzuak eskaintzen duen malgutasunak eta erabilerraztasunak herritarren ohituretan eragin zuzena izan dutela azpimarratu du.

Erabiltzaileen artean egindako inkestek ere aldaketa esanguratsuak erakusten dituzte. Lau erabiltzailetik batek aitortu du MugiBike martxan jarri aurretik ia ez zuela bizikleta erabiltzen, eta ia laurden batek adierazi du zerbitzua ez balego autoz egingo lituzkeela joan-etorri horiek. Hamarretik zazpik, berriz, argi dute sistemak autoaren erabilera gutxitzen laguntzen diela. Artolazabalen arabera, "datu hauek erakusten dute ohitura berrien eta mugikortasun jasangarriago baten aldeko joera sendotzen ari dela".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago