indarkeria matxista

Hamalau urteko kartzela zigorra ezarri diote gizon bati bikotekideari tratu txarrak eman eta bortxatzeagatik

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko ekainaren 18a

Martxoak 8ko Gasteizko manifestazioaren irudi bat. Argazkia: ALEA

Epaileak frogatutzat jo du gazteak denbora luzez emakumea kontrolatu, kolpatu, mehatxatu, eta bortxatu egin zuela.

Arabako Probintzia Auzitegiak 12 urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio Gasteizen neska laguna bortxatu zuen gazte bati. Gainera, genero indarkeriaren delituaren barruan tratu txarren delituagatik zigortu dute gizona, urtebetera eta 9 hilabetera, eta zigor txikiagoak ezarri dizkiote tratu txarrengatik eta hertsapen eta mehatxu arin jarraituengatik.

Halaber, 30.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio emakumeari, eta 18 urtez ezingo da harengana hurbildu.

Erasotzaileak eta biktimak 2019an hasi zuten harremana, biak adingabeak zirenean, eta handik denbora batera hasi zen gizona bere bikotekidearekin kontrolatzaile eta jeloskor agertzen, bere egunerokoan askatasunez jardutea eragotziz.

Epaiak jasotzen duenez, erasotzaileak nortasun agiria, osasun txartela eta patinetea lapurtu zizkion gazteari. Mugikorra ere kendu zion eta deiak baino jasotzen ez zituen beste telefono bat eman zion. Denborarekin gizona ere emakumeari fisikoki erasotzen hasi zen.

Une batean, neska gazteak familiarekin adostu zuen amari goizero deitzea lanaldia hasi aurretik, eta dei hori egin ezean, amak poliziaren esku hartzea eskatu beharko zuen. 2023ko urrian, bikotea parrandan atera zen eta etxera itzuli zirenean, gizonak emakumeari eraso zion eta bortxatu egin zuen.

Hurrengo egunean alabarekin hitzartutako goizeko deia jaso ez zuenez, neskaren amak poliziari deitu zion. Erasotzailea atxilotu eta behin behineko espetxealdian sartu zuten. 

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago