Gasteizko Udalak haurrentzako 239 jolasgune eta haien inguruak Kerik Gabeko Espazioen sarean sartu ditu, Osasun Publikoko Zerbitzuaren bidez. Helburua da espazio horietan ez erretzea, eta ez bapeatzea, haurren osasuna babesteko eta hirian ingurune osasungarriagoak sustatzeko.
Santa Barbara plazan egindako aurkezpenean, Ana Lopez de Uralde zinegotziak nabarmendu du "gomendio honekin beste urrats bat ematen dugu osasun publikoaren eta haurren babesaren alde". Bere hitzetan, neurriak lagundu nahi du herritarrak kontzientziatzen tabakoaren eta bapeoaren ondorioez, eta esposizio pasiboa murriztu nahi du, "batez ere adingabeengan".
Arabako Minbiziaren Aurkako Elkarteko kudeatzaile Monica Morenok ere azpimarratu du haurrak direla kaltetu handienak: "Funtsezkoa da tabakoaren eta bapeagailuen arriskuei buruz sentsibilizatzen jarraitzea". Morenok gogorarazi du bigarren eta hirugarren eskuko keak ere kalte egiten dutela, eta horregatik dela garrantzitsua parkeak espazio osasungarri bihurtzea.
Ekimenaren barruan, udako hilabeteetan informazio mahaiak jarriko dira haurren parkeetan, boluntarioek eta erizain komunitarioek gidatuta. Helburua da herritarrei azaltzea ez erretzearen onurak, eta bizi ohitura osasungarriak sustatzea.