O'Funk'illo izango da protagonista Aztarna Beltzaren etapa berrian

Anakoz Amenabar 2026ko ekainaren 16a

Uztailaren 4an izango da O'funk'illo Gasteizen. Argazkia: O'FUNK'ILLO

Aihotz plazan izango da aurten jaialdia, uztailaren 2tik 5era bitartean.

Aztarna Beltza jaialdia aldaketekin dator zortzigarren edizioan, uztailaren 2tik 5era bitartean ospatuko baita aurten, ohiko data baino hilabete lehenago. Gainera, jaialdiak erdigunera joko du eta agertoki nagusia Aihotz plaza izango da. 

Lau eguneko egitarauak nazioarteko erreferente handiak bilduko ditu Gasteizen. Kartelburuen artean O'Funk'illo talde andaluziarra nabarmentzen da, hirian formatu esklusiboan arituko dena, baita The Sweet Vandals funk-soul talde madrildarra eta Keb Darge disko bildumagile eta DJ eskoziarra ere, deep funkaren aitatzat hartzen dena. Horiekin batera, Helen Helen, Ay Trick eta Haylen bezalako artistek hartuko dute Alde Zaharreko oholtza.

David Elejalde zuzendariak azpimarratu duenez, edizio honek proiektua sendotu ez ezik, ezinbesteko babesa emango dio tokiko talentuari. Inaugurazioa Falerinako lorategietatik abiatuko da Beauty Spot & Father Alien gasteiztarren eskutik, eta egunetan zehar Kloy MC, Erro Berriak eta Goizargi Gospel Choir bezalako bertako taldeak arituko dira. Gainera, musika eskaintza borobiltzeko, kalejira tradizionalak, DJ saioak eta jasangarritasunari lotutako tailerrak nahiz umeentzako birziklapen jolasak antolatu dituzte astebururako.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago