Gutxienez lau segurtasun kamera apurtu dituzte Gasteizko Alde Zaharrean, eta Udaltzaingoa eraso horiek ikertzen ari da. Cesar Fernandez de Landa Segurtasun zinegotziak azaldu duenez, sabotajeak joan den ostiralean hasi ziren pintura erabiliz, eta ondoren, gailuak kolpatu eta erabilgaitz utzi zituzten. Lehen aurreikuspenen arabera, kalte materialak milaka eurokoak dira, eta ondasun publiko nahiz kulturalen aurkako erasotzat jo dituzte.
Gertatutakoaren aurrean, Maider Etxebarria alkateak gogor salatu ditu erasoak eta adierazi du Alde Zaharrean kamerak apurtzen dituenak "zerbait ezkutatzeko" duela. Etxebarriak "onartezintzat" jo du gertatutakoa, Gasteizen indarkeriarentzat tokirik ez dagoela azpimarratuz, eta ziurtatu du segurtasuna lehentasuna dela eta kamera gehiago jarriko dituztela.
Udaleko Bozeramaileen Batzordea arratsaldean bildu da, eta PSE, EAJ eta PP alderdiek sinatutako adierazpen bat kaleratu du. Hiru talde hauek erasoak eta ekintza horiek legitimatzeko helburuarekin egindako hedapen publikoa gaitzetsi dituzte. Sinatzaileen hitzetan, ekintza hauen bidez "bizikidetza higatu" eta jokabide ilegalak normalizatu nahi dira, eta argi utzi dute ezin dela espazio publikoa bereganatu, ezta udalaren jarduna koakzioen bidez baldintzatu ere.
Bestalde, EH Bilduk ere "erabateko gaitzespena" adierazi du kameren suntsiketaren aurrean, eta azpimarratu du ezerk ez duela justifikatzen ibilgailu kutsakorrak kontrolatzen dituzten gailuen aurkako erasoak. Dena dela, nola eta zertarako jartzen diren zehaztea eskatu du; haien ustez, kameren instalazioa Alde Zaharreko bizilagun, ostalari eta merkatariekin adostu beharko litzateke, delituak prebenitzeko funtzioa bete dezaten baina herritarren pribatutasuna inbaditu gabe.