Eskola jantokien alternatiba aurkeztu dute Salburuan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko ekainaren 16a

Elikadura osasungarria, freskoa nahi dute eskola jantokietan. Argazkia: GURE PLATERA

Gure Sukaldea proiektuak elikadura osasungarria, freskoa, jasangarria eta kalitatezkoa sustatu nahi du. Irailetik aurrera, proiektuaren zabalkunde kanpaina bati ekingo diote.

Salburuko hiru ikastetxeetan sustatutako Gure Sukaldea proiektua aurkeztu dute publikoki, eskola jantokien egungo ereduari alternatiba bat proposatzeko asmoz. Aurkezpenak bat egin du denboran Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aste honetan bertan zenbait ikastetxetan in situ sukaldeak ezartzeko egin duen planteamenduarekin.

Eusko Jaurlaritzaren asmoaren inguruan Salburuko ikastetxeetako kideek azpimarratu dute ez daudela in situ sukaldeen aurka, baina eztabaida ez dela sukaldearen kokapenera mugatzen."Ezin dugu eztabaida guztia adreilu, sukalde edo azpiegitura kontu batera mugatu", esan dute.

Haien ustez, benetako gakoa da "lehengaiak zein izango diren, tokiko produktu freskoen aldeko apustua egingo den, hezkuntza komunitateek zer rol izango duten erabakietan, langileen lan baldintzak nolakoak izango diren eta zer gertatuko den zerbitzuak sortzen dituen etekinekin".

Elikaduraren kalitatea

Ekimenaren bultzatzaileen arabera, Gure Sukaldea proiektua familietan eta hezkuntza komunitatean azken urteotan sortutako kezketatik jaio da, bereziki haurrek jasotzen duten elikaduraren kalitateari eta jantokien funtzionamenduari lotutakoetatik. Azaldu dutenez, azken urteetan familiek, guraso elkarteek, zuzendaritza taldeek eta hezkuntza komunitateko kideek kezka partekatu dute "ikasleen elikaduraren kalitatearekiko" eta, haien ustez, "pertsonen eta ikastetxeen beharretatik gero eta urrunago dagoen jantoki ereduarekiko". Horren aurrean, "kritikatik harago joatea eta alternatiba bideragarri bat lantzea" erabaki zuten.

Proiektuaren ardatzetako bat Salburuko hiru ikastetxe publikoak hornituko lituzkeen sukalde komunitario bat sortzea da. Hala ere, ekimenaren sustatzaileek nabarmendu dute euren proposamena ez dela azpiegitura hutsa, baizik eta "eskola elikaduraren inguruko eredu aldaketa bat" sustatzeko tresna.

Gure Sukaldea proiektuak elikadura osasungarria, freskoa, jasangarria eta kalitatezkoa sustatu nahi du, "tokiko produktuak lehenetsiz eta inguruko ekonomia indartuz". Horrez gain, eskola jantokietara bideratutako baliabide publikoek tokian tokiko aberastasuna sortzea defendatzen dute, baita zerbitzua eskaintzen duten langileen lan baldintzak duintzea ere.

Kooperatibaren alde

Horretarako, irabazi asmorik gabeko kooperatiba eredu baten alde egiten dute. Eredu horretan "familiek, langileek, ikastetxeek eta erakundeek parte hartze zuzena izango lukete, gardentasunean, erantzukizun partekatuan eta erabakiguneetan oinarrituta". Gainera, sortutako soberakin ekonomikoak hezkuntza komunitatearen mesedetan erabiltzea proposatzen dute, besteak beste eskolaz kanpoko jarduerak, udalekuak eta izaera sozial eta hezitzailea duten ekimenak finantzatzeko. "Badakigulako eskolaz kanpoko jarduerak direla gaur egun gure ikastetxeetan dagoen desberdintasun iturri nagusietako bat", esan dute.

Gasteizko Udalari, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eta prozesuan parte hartu nahi duten gainerako erakunde eta eragileei elkarlanerako prestutasuna adierazi diete. Azpimarratu dute ez dutela ezer inposatu nahi, baizik eta proposamen bat mahai gainean jarri eta eztabaidarako bidea ireki.

Datorren irailetik aurrera, proiektuaren sozializazio eta zabalkunde kanpaina bati ekingo diotela iragarri dute. Ondoren, hezkuntza komunitateari eta auzoari irekita egongo den herri galdeketa bat egitea aurreikusten dute, proiektuak behar duen babes soziala duen ala ez neurtzeko. "Tamaina honetako proiektu batek zilegitasun soziala behar duela sinesten dugu. Eta herritarrek eurek erabaki behar dutela uste dugu, proposamen honek behar duen babes soziala duen ala ez".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago