Rosalind Nashashibi artista ingelesaren Get Me A Stone bakarkako erakusketa aurkeztu du Artiumek, 2021 eta 2026 bitartean egindako margolanak eta Occupation of The Inner Life (2026) filma biltzen dituena. Azaroaren 1era arte ikusi ahal izango da Beatriz Herraezek eta Catalina Lozanok komisariatutako erakusketa.
Gazaren egungo egoerarekiko artistak duen inplikazio afektibo eta politiko sakona islatzen dute lanek. Aita palestinarra izanik, Nashashibik indarkeria pairatu duen lurralde horri eskaini dio bere obra, "sarraskiaren irudiak indargabetzeko eta erbesteak dakarren distantzia lantzeko asmoz". Izenburuko harriak erresistentziaren ikur gisa agertzen dira margolanetan, okupazioaren aurreko matxinada eta etorkizun baten baieztapena irudikatuz.
Erakusketa dela eta, Artiumek #Hitzak saileko 30. alea argitaratu du. Argitalpen honek erakusketako komisarioen testuak biltzeaz gain, Elena Narbutaite artista lituaniarraren bi idazki ere jasotzen ditu. Gainera, museoaren bildumak Nashashibiren aurreko lanak ere baditu, hala nola A Wider Kind of Love eta Electrical Gaza, gaur egun A2 aretoan ikusgai daudenak.
Inaugurazioaren harira, museoak topaketa ireki bat antolatu du gaur 18:00etarako. Bertan, Rosalind Nashashibi artistak eta Mahmoud Alshaer poeta eta komisario gazatarrak elkarrizketa bat izango dute, AMA Ikasketa Zentroaren mintegiaren esparruan.