Baskoniak eta zaleek jaurtiko dute Gasteizko jaietako txupina

Anakoz Amenabar 2026ko ekainaren 11

Baskoniak eta zaleak jaurtiko dute aurtengo txupina. Argazkia: EKAITZ ANDA / ALEA

Paolo Galbiatik, Tadas Sedekerskisek, Miriam Peredak eta Felix Fernandezek jaurtiko dute txupina.

Baskoniak eta zaletuek izango dute aurtengo Andre Maria Zuriaren jaiei hasiera emateko ardura, balkoitik ohiko txupinazoa jaurtita. Aurten EAJ udal taldeari egokitu zaio txupineroa aukeratzea, eta gaur goizean eman dute izendapenaren berri jaien eszenatoki nagusian, San Migelgo balkoian. Kluba eta zaletuak ordezkatzeko, Paolo Galbiati entrenatzailea, Tadas Sedekerskis kapitaina, Miriam Pereda saskibaloi zalea eta harrobiko entrenatzailea eta Felix Fernandez kirol zuzendaria igoko dira balkoira.

Beatriz Artolazabal bozeramaile jeltzaleak saskibaloi taldeak berriki lortutako Errege Kopa nabarmendu du. Azpimarratu duenez, titulu berri honek agerian utzi du Baskoniak "ilusio kolektiboa, hiri harrotasuna eta kiroletik harago doan sentimendu partekatua" sortzeko duen gaitasun handia. Garaipen horrek hiria zeharo hunkitu eta mobilizatu duela azpimarratu du. 

Klubaren izenean, Felix Fernandez kirol zuzendariak eskerrak eman dizkio zinegotzi jeltzaleari egindako hautaketagatik. Fernandezek adierazi du Gasteizko jaietan horren modu aktiboan parte hartzea, eta batez ere euren zaleen aurrean horrelako une berezi bat bizitzea, gauza "zoragarria" eta ohore handia dela Baskonia osoarentzat.

Argazkiak: EKAITZ ANDA/ ALEA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago