Zuhaitzen eta arbolen inguruko bisita gidatu berezia Gasteizen

Jon Hidalgo 2026ko ekainaren 11

Jakoba Errekondo, Markel Arriolabengoa eta Iñaki Etxebestek ondu dute liburua. Argazkia: Argia.

Larunbatean Olarizuko lorategi botanikoan ibilaldia egin eta 'Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian' liburua aurkeztuko dute egileek. Doako ekintzan bisita gidatua, bertsoak eta bertako produktuen dastaketa izango dira.

Argiak ekitaldi berezia antolatu du larunbat honetarako Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian liburuaren bueltan. Gasteizko Olarizu lorategi botanikoan egingo da goiz-pasa, eta ibilaldi gidatua eskainiko dute liburuaren egileek, Jakoba Errekondo, Markel Arriolabengoa eta Iñaki Etxebestek. Haien azalpenak entzuteaz gain, Onintza Enbeita eta Unai Agirre bertsolariek lagunduko dute bidea unean bertan sortutako bertsoekin.

Olarizuko lorategiak esangura berezia du liburuan. Izan ere, bertan atera ditu Dani Blanco argazkilariak liburuan ageri diren 116 zuhaitz eta arbola espezieen irudi gehienak. Liburu berezia ondu dute egileek Argiaren eskariz, Euskal Herriko zuhaitzez inoiz egindako liburu osatuenetakoa, Bizi Baratzea atalean azaldu dutenez. Topaketa 10:15ean hasiko da Olarizuko lorategi botanikoko etxaldean. Ez da sarrerarik ordaindu behar ez eta aurrez izenik eman beharrik ere. 

Ibilaldian zehar, egileek zuhaitz eta arbolen ezaugarriak azalduko dituzte, eta bertsolariek azalpen horietatik abiatuta sortuko dituzte bertsoak. 12:00ak aldera, abiapuntura itzuli eta liburuaren aurkezpena egingo dute areto nagusian. Aurkezpenean Blancoren argazkiak tamaina handian ikusi ahal izango dira, eta egileei galderak egiteko aukera egongo da, baita liburua erosi eta sinatuta eramatekoa ere. Goiza borobiltzeko, Fede Pachak sasoiko eta bertako produktuen dastaketa eskainiko du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago