Vitalquilerren maizterrek Jaurlaritzaren "laguntza osoa" jasoko dute

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko ekainaren 9a

Adania-Adalquilerren kontrako protesta bat, otsailean. Argazkia: LAB

Babes ofiziala galduko dute Gasteizko alokairuzko ehunka etxebizitzek hurrengo hilabeteetan. Kaleratzeko arriskuaz ohartarazi dute bertan bizi diren familiek.

Vitalquiler izeneko programa publiko-pribatuari esker, Gasteizen alokairuzko babes ofizialeko kasik mila etxebizitza jarri ziren merkatuan 2003an. Halere, 2020an, programa publiko horren 500 etxebizitza Catella funts putreari saldu zizkion Vitalquilerrek. Gainerakoak Adalquiler enpresaren eskuetan utzi zituen eta Salburua eta Zabalgana auzoetan dauden etxebizitza blokeak babesa galtzen ari dira pixkanaka.

Maizterrek salatu dutenez, onargarriak ez diren baldintzak ezartzen ari da Adalquiler kontratu berriak egiteko orduan. Gaur goizean Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin dute kaltetutakoek eta LABeko maizterren atal sindikalak. Bizi duten egoera "kritikoa" dela esan du Miriam Diaz de Tuesta LAB sindikatukoak eta kaleratzeak ekiditeko neurriak eskatu ditu "kontuan izanik, gainera, etxebizitzok diru publikoarekin eraiki zirela, eta hasieratik babestutako alokairura bideratu zirela".

Diaz de Tuestak gaineratu duenez, Adalquilerrekin negoziatzen saiatu dira maizterrak, baina ez dute ezer lortu. "Azken aldian idazki bat entregatzera joan ginen bulegora eta pertsiana muturrean itxi ziguten", salatu du.

Merkatu librean

Aurten hasi eta datorren urtera bitartean babes ofizialeko etxebizitzen kalifikazioa galtzen joango dira ehunka etxebizitza eta merkatu librera igaroko dira. Salburuan blokeen erdiek kalifikazioa galdu dute jada eta beste erdiek uztailaren 28an galduko dute. Zabalganan, berriz, blokeen erdiek babesa galduko dute aurtengo azaroan eta beste erdiek 2027ko otsailean.

Ruben Iturbe eta Amaia de la Cruz maizterrek azaldu dutenez, enpresak alokairuaren igoera oso handiak ezarri nahi dizkie kontratu berrietan, "300 euroraino hilean". Bizilagun batzuek luzapena eskatu dute, baina Adalquilerrek ez du onartu. Gainera, OHZ ordaintzera eta aurreko eskuratze-eskubideari uko egiteko klausula sinatzera behartzen ari dira bizilagunak. "Proiektuaren izaera sozialaz fidatu ginen familiak bizi gara etxebizitza horietan, eta beldurrez bizi dugu gertatzen ari dena. Babesik gabe sentitzen gara", esan dute.

Familiak ez kanporatzea bermatzea eskatu dute kaltetuek, antzeko baldintzetan geratu ahal izatea eta etxebizitzen izaera soziala bermatzea; halaber, luzapenak onartzera behartzea, eta abusuzko baldintzen legezkotasuna eta kontratu berriei aplikatutako igoerak berrikustea. Aukera gisa bloke horiek Eusko Jaurlaritzak erostea planteatu dute.

Talde politikoen babesa

Legebiltzarkide guztiek Gasteizko familien eskaeren aldeko jarrera erakutsi dute agerraldian. Hain zuzen, PSEko legebiltzarkide Adrian Fernandezek ziurtatu du Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza sailaren laguntza "osoa" izango dutela kaltetuek enpresaren aurrean. "Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak bitartekari lana egingo du Adalquilerrekin, eta maizterren jarrera defendatuko du. Aparteko luzapenak aplikatu behar dituzte, eta gobernuak jartzen dituen erreferentziazko indizeak onartu behar dituzte, eta saiatuko gara hori izaten tarterik txikiena, igoerak 300 eurokoak izan ez daitezen", esan du.

Auzi honetan Salburuko 190 familia baino gehiago kaltetuta egon litezkeela azpimarratu du EAJko Jonatan Morenok, eta alderdiaren zein gobernuaren aldetik babesa erakutsi die kaltetuei. "Luzapena eskubide bat da. Adalquilerrek legeak ezarritakoa ez badu betetzen, onartu dugun zehapen-araubidea aplikatuko zaio", nabarmendu du.

Egiten dituzten eskaerekin bat egiten dutela esan du EH Bilduko Itziar Muruak. Jaurlaritzak babesa duten etxebizitza horiek berreskuratu beharko lituzkeela esan du Muruak, eta gobernuak hartzen dituen konpromisoen jarraipen zorrotza egingo dutela adierazi du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago