Aranbizkarreko auzoan alarma piztu da legionella agerraldi baten ondorioz. Amizkarra kaleko 3. zenbakiko etxebizitza bateko dutxan atzeman zuen bakterioa Gasteizko Udalak, maiatzaren 27an hartutako laginetan. Instalazioa komunitarioa denez, arriskua beste lau portaletara ere hedatu da, guztira 250 eta 300 etxebizitza artean daude arriskuan. Udalak ekainaren 5ean bidali zien abisua administratzaileei, baina auzotar askok astelehenean, hiru egun geroago, izan zuten egoeraren berri.
Auzokideek salatu dute informazio faltak arrisku egoeran jarri dituela, batez ere adineko pertsonak, eta ugari dira adinekoak auzoan. Asteburuan askok ohiko moduan erabili zuten ur beroa, legionellaren presentziaren berri izan gabe. 12 egun igaro dira laginak hartu zirenetik lehen abisua jaso zuten arte, eta gardentasun handiagoa eskatu dute bizilagunek.
Udalak komunitateei eskatu die premiaz kontratatu dezatela ur bero sistemaren garbiketa eta desinfekzioa, eta hamabost egunera analisi berria egin dezatela. Legionellaren arrisku handiena dutxako lurrunaren bidezko inhalazioan dago, eta ez da kutsatzen ez ura edanda, ez pertsonen artean. Bien bitartean, gomendio nagusiak dira dutxako lurrunarekin kontuz ibiltzea eta pertsona immunodeprimituek edo arnasketa arazoak dituztenek medikuarekin kontsultatzea. Oraingoz ez da kutsatze kasurik atzeman.