Patinete elektrikoen gidariak kontrolatzeko kanpaina hasi du Udaltzaingoak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko ekainaren 8a

Patineteen gaineko kontrol kanpaina berria hasi dute Gasteizen. Argazkia: ALEA

Legedi berriaren arauak betetzen dituztela ikuskatuko dute poliziek, zehazki zirkulazio ziurtagiria eta identifikazio txartela duten eta erantzukizun zibileko asegurua.

Gasteizko Udaltzaingoak patinete elektrikoak kontrolatzeko kanpaina espezifikoa egingo du bi astez. Ibilgailu mota horiei eragiten dieten azken lege aldaketekin lotuta dago ikuskatzea, eta udan zehar kanpaina gehiago egingo direla iragarri du udalak.

Zaintzak hiri osoa hartuko du, eta arreta berezia jarriko da pertsonen joan-etorri handieneko guneetan eta normalean patinete elektrikoak ibiltzen diren tokietan. Poliziek kontrol espezifikoak egingo dituzte araudia betetzen dela egiaztatzeko eta erabiltzaileei betebehar berriak gogorarazteko.

Erregistroa eta asegurua

Udalak nabarmendu du aurten abian jarri dela mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen erregistro orokorra eta behar bezala identifikatuta egoteko, patineteek zirkulazio ziurtagiria eta identifikazio txartela izan beharko dituztela. Gainera, urtarrilaren 30etik aurrera, ibilgailu horiek erantzukizun zibileko asegurua izan behar dute.

Lege aldaketan bildutako arauak betetzen dituztelaz gainera, espaloietatik, oinezkoentzako espazioetatik eta bizikleta bide partekatuetatik zirkulatzeko debekua betetzen dutela kontrolatuko du Poliziak; ibilgailu horiek erabiltzeko gutxienez 15 urte izatea; kaskoa derrigor erabiltzea; eta argiak eta txirrin homologatuak izateko beharra.

Ibilgailuak direnez gero, gainera, bide segurtasunari buruzko araudia bete behar dute; bereziki, telefono mugikorraren erabilerari, zirkulazio seinale eta arauen errespetuari, eta alkoholaren nahiz drogen kontsumoari dagokienez. Hala, aurrez ikusitako zigorrak gainerako ibilgailuetarako ezarritako berberak dira. Arau hauslea adingabea bada, haren gurasoek edo legezko tutoreek hartuko dute beren gain arau-hausteen erantzukizuna.

Iaz, 1376 salaketa

2025ean patineteekin lotutako zirkulazioko 1.376 salaketa jaso ziren. Horietatik 761 oinezkoen eremuetan ibiltzeagatik, 167 kaskoak ez erabiltzeagatik, eta debekatutako gailuak erabiltzeagatik, 153 bidaiariak eramatearekin lotuta; eta 99 alkoholaren eta substantzia psikotropikoen eraginpean gidatzearekin. Gainera, 2025ean, patineteek zirkulazioko 250 ezbeharretan inplikatuta egon ziren (aurreko urteko kopuru bera). Horietatik, 224 talkak izan ziren, eta 26 harrapaketak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago