Olarizuk lorategi botanikoen biltzarra hartuko du ekainaren 9tik 12ra bitartean. Espainia, Portugal eta inguruko uharteetako berrogeita hamar aditu inguru bilduko dira bertan, bilduma botanikoak kontserbatzeko premiaz eta ezagutza hori gizarteari transmititzeko garrantziaz eztabaidatzeko. Lorategi botanikoek natura ondarea eta flora babestua zaintzeko duten funtsezko papera azpimarratuko dute.
Topaketaren lehen bi jardunaldiak Olarizuko etxaldean egingo dira; hitzaldiak, lantaldeak eta lorategiko instalazioetara bisita gidatuak antolatu dituzte. Azken lan jardunaldia, berriz, Salburuko Ataria zentroan izango da. Kongresua amaitzeko, Florida parkea eta Arabako Natura Zientzien Museoa bisitatuko dituzte.
Herritarrentzat ere irekitako egitaraua egongo da: Mehatxatutako haziak erakusketa bisitatu ahal izango da Olarizun. Gainera, ekainaren 13an, biltzarrari amaiera emateko, Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian liburua aurkeztuko dute Jakoba Errekondo, Markel Arriolabengoa eta Iñaki Etxebeste egileek, lorategi botanikoan egingo duten bisita gidatu baten ostean.