Gasteizko euskalgintzak babesa adierazi dio ekainak 13ko Euskaltzaleon Martxari

Jon Hidalgo / Argazkiak: Ekaitz Anda 2026ko ekainaren 4a

Euskalgintzaren Kontseiluak 'Euskaraz bizitzeko behar den dena' aldarrikatzera deitu ditu euskal herritarrak ekainaren 13an, euskararen biziberritze prozesuan hurrengo fasera igarotzeko. 2036rako erronkak ere azaldu ditu Kontseiluak: besteak beste, 300.000 hiztun berri eta erabileran 5 puntuko igoera.

Gasteizko euskalgintzak bat egin du Euskalgintzaren Kontseiluak ekainaren 13rako Iruñean antolatutako Euskaltzaleon Martxarekin. Euskaraz bizitzeko behar den dena lelopean egingo den mobilizazio jendetsuan parte hartzera deitu dute, eta euskaltzaleak lehen lerrora igarotzeko beharra nabarmendu. Deialdia babesteko, Gasteizen agerraldia eta argazki masiboa egin dituzte gaur arratsaldean, Foru plazan.

Euskalgintzaren Kontseiluak azaldu du azken urteetako aldaketa globalek eta hizkuntza minorizatuen aurkako oldarraldiek egoera kezkagarria sortu dutela. Adibide gisa aipatu dituzte Ipar Euskal Herrian azterketak euskaraz egiteko debekua berretsi izana, Nafarroan irakaskuntzan iragarritako atzerapausoak edota EAEko normalizazio neurriak kolokan jartzeko ahalegin antolatuak. Horiek guztiak euskararen minorizazioaren adierazgarri direla nabarmendu dute, eta gogorarazi dute historian zehar euskaltzaletasunak eman diola arnasa hiztun komunitateari une zailetan.

Martxaren ardatz nagusiak hiru izango dira: euskararen ofizialtasun osoa Euskal Herri osoan, hizkuntza politiketan jauzi eraginkorra eta herritarren ekarpen antolatuaren balioespena. Kontseiluaren ustez, norbanakoen ahalegina ez da nahikoa, eta baldintza kolektiboak sortu behar dira euskaraz bizitzea benetan posible izan dadin.

2036. urterako erronka

Bestalde, Euskalgintzaren Kontseiluak egunotan aurkeztu du hurrengo hamarkadarako bere proposamen estrategikoa: 2036rako beste 300.000 euskaldun oso lortzea, eta erabilera bost puntu igotzea, %20ko langa gaindituz. Horretarako, euskalduntze erritmoa bikoiztea planteatu dute, urtean 30.000 hiztun berri sortuz. Gaur egun, 15.000 inguru gehitzen dira euskaldunen zakura urtero Euskal Herrian.

Erronka hau ezagutzan ez ezik erabileran ere oinarritu nahi izan dute. Kontseiluaren arabera, bi dimentsioak batera indartu behar dira: ezagutza handitzea erabilerarako aukerak sendotzeko, eta erabilera igotzea hizkuntzaren bizigarritasuna bermatzeko. Proposamena beste hizkuntza komunitate batzuetan egindako lanetan oinarritu dute, hala nola Galesen, Katalunian edo Ipar Euskal Herrian bertan.

Euskaltzaleon Martxa, beraz, hitzordu nagusi gisa aurkeztu dute euskararen etorkizunerako baldintzak aldarrikatzeko eta komunitatearen indarra erakusteko , eta Iruñea Euskal Herri osoko euskaltzaleen bilgune bihurtzea espero dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago