Laguntza sarea mugikorrarren ordez

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko ekainaren 5a

Aste honetan aurkeztu dute kanpaina Gasteizen. Argazkia: ALTXA BURUA

Altxa Burua Arabak adingabeentzako laguntza sarea abiatu du, deitzeko premia dutenean mugikorrik erabili behar ez izateko.

Altxa Burua Araba mugimenduak Gurea erabili dezakezu kanpaina jarri du abian, adingabeek deitzeko premia dutenean telefono mugikorrik erabili behar ez izatea sustatzeko. Ekimenaren oinarria da doako deiak egiteko aukera emango zaiela adingabeei denda eta espazio publiko laguntzaileen sare batean.

Gasteizen, Gipuzkoan eta Bizkaian martxan dauden antzeko ekimenen ildotik, kanpainara batzen diren saltokiek eta baliabide publikoek Gurea erabili dezakezu leloa duen pegatina erakutsiko dute erakusleihoetan. Bereizgarri horri esker, adingabeek erraz identifikatu ahal izango dituzte, larrialdi edo behar egoera batean, familiako kideren bat deitzera sar daitezkeen tokiak.

150 saltoki batu dira

Arabako 150 saltoki inguru batu dira kanpainara, San Martin, Salburua, Arana, Aranbizkarra eta Alde Zaharreko auzoetan. Altxa Burua Arabak eskerrak eman ditu ekimenak izan duen harrera onagatik, "denon artean zaintza sare eder bat ehuntzen ari garelako".

Funtzionamendua erraza da: adingabeak sareko establezimendu batera hurbilduko dira, duten beharra azaldu eta dei puntual bat egiteko eskatuko dute. Lokalean lanean ari den pertsonak deia egingo du, eta helduarekin harremanetan jarri ondoren emango dio telefonoa adingabeari.

Azaldu dutenez, kanpaina honen bidez, sare seguru bat ehundu nahi du "haur eta gazteen mesedetan, ikastetxera, parkera edo lagunekin egiten dituzten lehen irteera autonomoetan lagungarri izango dena".

Kanpainara batu nahi duen edozein establezimenduk mezu elektroniko bat bidal dezake altxaburuaaraba@gmail.com helbidera, saltokiaren edo erakundearen izena eta posta-kodea adieraziz. Auzoko Altxa Burua taldeko norbait harremanetan jarriko da pegatinak helarazi eta informazio gehiago emateko.

Altxa Burua Araba familiek eta osasun zein hezkuntza arloko profesionalek osatutako talde bat da, hiru helburu nagusi dituena: nerabeei smartphoneak emateko momentua atzeratzea, ikastetxeak internetera konektatutako telefono mugikorrik gabeko gune bihurtzea eta ebidentzia zientifikoan oinarritutako teknologiaren erabilpena sustatzea. Norabide horretan bi urtez lanean aritu ondoren, elkarte gisa eratu dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago