karmelo landa

"Euskara bizi dadin ekosistema bat sortzea da inportanteena"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko ekainaren 4a

Karmelo Landa, Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan, Gabriel Arestiri buruz egin duten saio batean. EKAITZ ANDA

Unibertsitate garaitik darama Karmelo Landak (Ea, 1952) euskal kultura sistemaren inguruan ikertzen. Beste aditu batzuekin batera egin ditu ikerketa teorikoak eta praktikoak. Gasteizen aurkeztuko dute hausnarketa larunbat honetan, ekainaren 6an.

"Mundu globalaren testuinguruan, zein estrategia behar dugu berezko euskal kultura sistema bat garatzeko?" Galdera hori erantzuteko mintegia antolatu du Nabarraldek Izaskun Arrue Kulturgunean, hilaren 6an. Joseba Sarrionandiak, Cira Crespok, Eneko Bidegainek eta Angel Rekaldek parte hartuko dute Karmelo Landarekin batera. Etorkizun hurbileko euskal kulturaren sistema nola antolatu daitekeen aztertuko dute. Zer zume eta zer sasi dituen kulturaren ekosistemak.

Nondik nora antolatu dute larunbat honetan mintegia Gasteizen? 

Ez da gauza isolatu bat. Iazko udan Nabarraldek antolatuta egin ziren bi egunetako jardunaldi oso interesgarriak Oñatin, eta hortik dator honen jatorria. Han elkartu ginen aspalditik euskal kulturaren sistema ikertzen ari garen hainbat aditu: Ane Alberdi, Iñigo Urrutia, Anjel Rekalde, Xabier Barandiaran, Joseba Sarrionandia, Xabier Irujo… Eta bertan hitz egindakoa Baskonia globalizazioaren aurrean  liburuan argitaratu zuen Nabarraldek. Hor batez ere azpimarratzen da teoriatik urratsak egitea planifikaziora eta praktikara. 

Euskal kultura sistemaren bilakaera eta garapenerako estrategiak aztertuko dituzue. Zer ataletan zehazki?

Zehazten hasi nahi dugu gure ustez nola antolatu behar dugun etorkizun hurbileko euskal kulturaren sistema. Iñigo Larramendi, Anjel Rekalde, Joseba Sarionandia, Cira Crespo, Eneko Bidegain eta ni neu izango gara, eta bakoitzak atal bat hartuko du. Joseba Sarrionandiak propio landuko du estatu frantziarra nola antolatzen den Iraultza Frantsesetik gaur arte Euskal Herria kolonizatzeko, eta estatu espainarraren eraketa eta kolonizazio prozesua ere. Diferenteak biak, baina emaitza konbergenteak dituztenak. Hori oso-oso interesgarria izango da.

Zuk zeu euskal kulturaren polisistemaren antolaketari buruz arituko zara. Zer da kultura polisistema?

Rikardo Arregik 60. hamarkadan eman zuen diskurtso bat oso argia. Berak zioen euskara oso inportantea dela, euskara  hizkuntza ardatza dela, baina euskara ezin dela garatu hutsean, behar du kultura sistema oso bat. Hori da mundu akademikoan, nazioartean, argitu den puntu bat, eta hori da nik landu dudana urteetan, kulturaren polisistema. Laburbilduz, kultura sistema diferenteak daude munduan. Ezagunena da anglo-saxoia, noski, eta boteretsuena, eta azken bi mendeetan kultura eta estatua garatu izan dira; estatu nazioa eta kultura nazionalak garatu egin dira. Kultura sistema bakoitzak daukana da, ez hizkuntza bat modu sinpleegian aztertu izan dugun bezala, baizik eta sistema oso bat, mediatikoa, literarioa, hezkuntzakoa, ikus-entzunezkoa… Hori da polisistema, sistemen sistema bat, eta hor sortzen dira sinergia batzuk, eta hori da hizkuntza bakoitzarentzat benetako ekosistema bat. 

"Euskaldunok maila altua dugu, arazoa da ez dugula botererik sistema antolatzeko"

Euskal kulturaren polisistema existitzen al da?

Laburtuz esan daiteke euskaldunok oraindik ez dugula euskal kulturaren polisistema bat lortu. Nire galdera da: Zer lortu dugu? Eta nola egin dezakegu lortzeko kultura polisistema bat? Jendea oso ezkorra da euskararen bilakaerarekin eta motiboak daude, baina baditugu ahalmenak. Araban, Tolosan, Azpeitian, Ean badira elementuak kontuan hartu behar ditugunak. Inportanteena ez da hutsean euskara, errespetu osoz, baizik eta kultura polisistema bat, hau da euskara bizi dadin sortu behar dugun ekosistema osoa. Ez da makala.

Euskal kulturaren polisistema hori antolatzeko zumeak daude?

Bi dira oinarrizkoak. Hizkuntza da bat, eta hor euskaldunok eman dugun pausua oso garrantzitsua izan da, normatiboa, euskara batua izan da erraldoiaren pausua, eta pausu hori frankismoan eman genuen, hartu nota! Eta gero bereziki inportantea da boterea, eta boterea da kulturala, editoriala, politikoa, ekonomikoa, soziala, linguistikoa. Orain ari gara botere soziala berreskuratzen, mobilizazioak ari dira egiten berriro ere. Esnatu ala hil mezua ulertu dugu, Iurrebaso eta hauena, oso interesantea, oso ona, baina behar dugu botere hori hedatu arlo diferenteetan, eta estatuek hori badakite eta horregatik sakabanatzen gaituzte estatu diferenteetan. Boterea ez bakarrik politikoa, beharbada une honetan garrantzitsuagoa da eta errealistagoa da euskaldunontzat euskal kultura sistema bat eratzea Euskal Herri osoan euskal sistema politiko instituzional bat baino.

Posiblea da bata bestea gabe?

Galdera ona da. Batak bestea ekarriko du. 

"Sortzaileak ditugu oso onak, baina sistema faltagatik joan egiten zaigu horien potentziala"

Zer toki du kultura aniztasunak kultur polisistema horretan?

Mundu globalean ezinbestekoa da, baina bereizi behar da ondo zer den kultura globala eta zer den Ipar Amerikako kultura. Kultura globala zentzu global positiboan hartu behar da. Eta bigarrenik, kultura globalean parte aktiboa izateko kultura propioa garatua izan behar dugu. Kontzeptu hori oso inportantea da, askotan ideologikoki erabiltzen delako kultura aniztasuna kultura propioaren kontra joateko, diskurtso horiek frankismoaren ondoren barruraino sartu dira. Multikulturalismoak eskatzen du kulturarik ez galtzea, eta are gutxiago minorizatutako kulturak. Konplexu asko galdu behar ditugu. Une honetan sortzen ari diren mugimenduak kantagintzan eta literaturan nik uste dut abangoardia direla, baina falta zaizkie elementu asko, falta zaie kultura sistema propio sendo bat. Literaturan, adibidez, lehen mailako idazleak ditugu, baina ia-ia berehala itzultzen dira gaztelaniara, frantsesera. Horrek zer egiten du? Gure kultura sistema propioa jan barrutik. Sortzaileak ditugu oso onak, baina sistema faltagatik joan egiten zaigu horien potentziala. Potentziala badugu, falta zaigu boterea, botere kulturala eta politikoa. 

Berriro ere boterea erdigunean.

Maila zientifikoan eta maila kulturalean euskaldunok dugun maila gaur egun altua da, problema da ez dugula botererik gure sistema osoa ondo antolatzeko. Bereziki penagarria da unibertsitatean ikerketa arloan ez daukagula unibertsitate sistema propiorik, ezta hezkuntza sistema propiorik ere. Gehien hurbiltzen direnak behar dugun unibertsitate, hezkuntza eta kultura sistema propiora dira batetik MU eta UEU eta ikastolak. Hezkuntza sistema publikoa eta EHUko sistema menpekoak dira  curriculumean, definizioan… Hori terriblea da, hortik ez goaz. Hori serio eta sakon aztertu behar da.

Zer gai landuko dituzte Cira Crespok eta Eneko Bidegainek larunbatean?

Cira Crespok Euskal Herriaren historian emakumeen papera landu du, eta historiografia nola garatu behar den aztertuko du. Euskaldunok historia daukagu, baina ez dugu historiografia propiorik, gure historia idatzi dute orain arte espainolek eta frantsesek, eta hori tamalgarria da. Cresporekin landuko dugun beste bigarren gai bat izango da frankismoari buruzkoa. Ondorio kultural, sozial eta politiko handiak dituen galdera dago hor. Frankismoa zer izan zen? Parentesi autoritario bat, diskurtso ofizialek dioten bezala? Edo, aldiz, batzuk diogun moduan Espainian fase erabakigarri bat? Bidegainek, berriz, landuko ditu Euskal Herrian zer ondorio konkretu dituen Frantziako estatuaren kolonizazio prozesuak. Frantzia nola inposatu da? Eta horren ifrentzua, Euskal Herriaren osaketa zertan oinarritu behar dugun orain, nola antolatu lurraldea, espazioa, kultura, boterea; euskal komunitatea mundu globalean… 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago