Gasteizko Txosnak hasi dira lehen kontzertuak iragartzen

Jon Hidalgo 2026ko ekainaren 3a

Iruñeko Skabidean taldea izango da aurten Txosnagunean. Argazkia: Ekaitz Anda.

Gasteizko Txosnek iragarri dituzte aurtengo jaietan izango diren kontzertuetako batzuk. Abuztuaren 4tik 9ra bitartean txosnaguneko agertoki nagusietan izango dira, besteak beste, Skabidean, Elena Barker, Irten-bide eta Estoldetan.

Gero eta gertuago daude Gasteizko jaiak, bi hilabete inguru falta dira jadanik. Jaiekin batera, EHUren Gasteizko campusera itzuliko dira txosnak. Aurten ere abuztuaren 4tik 9ra ospatuko dira jaiak, asteartetik igandera bitartean, sei festa egun, zazpi txosna, hiru karpa, lau agertoki eta dozenaka kontzertu, ikuskizun eta emanaldi izango dira Gasteizko Txosnagunean.

Ekainean zehar jakinaraziko dituzte Gasteizko Txosnetako hiru oholtza nagusietan —agertoki nagusia, Entxosnatu Karpa eta Gazte Karpa— arituko diren musika talde eta DJak. ALEAk jakin duenez, baieztapenak tantaka iritsiko dira. Askotariko proposamenak izango dira, gustu eta estilo anitzekoak, baita sorpresaren bat edo beste ere. Txosnetako leloa aurten ere Entxosnatu, etorri gugana! izango da.

TALDEAK eta DJak

Orain arteko baieztapenak

SKABIDEAN

Ska eta rocksteady doinuak beste hainbat iturrirekin nahasten ditu Iruñeko taldeak. Txosnagunea dantzan jarriko dute aurten.

 

MATAH

Bartzelonatik etorriko da Malah, Txosnagunean dantzan jartzeko asmoz.

 

IRTEN-BIDE

Goierriko boskotea Gazte Karparen 15. urteurrena ospatzera hurbilduko da jaietan.

 

THE LIO

Punk-rock talde nafarra ere izango dugu aurten Gasteizko Txosnetan.

 

ESTOLDETAN

Gazte Karpan arituko da bikote gasteiztar gaztea.

 

INDABE

Donostiako laukotea ere izango da Gazte Karparen urteurrena ospatzen.

 

CHOCOLATE REMIX

Argentinatik datorren artista izango da lehen aldiz Txosnagunean, bere reggaetoi feministarekin.

 

ELENA BARKER

Urduñatik Bilbora, eta Gasteiza etorriko da Barker musika elektronikoz betetzera Txosnagunea.

 

M.RAVARINO

DJ gasteiztarrak beste behin jarriko du dantzan Entxosnatu Karpa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago