Gasteizko Udaltzaingoak 47 urteko gizonezko bat atxilotu du astelehen arratsaldean, emazte ohiaren etxean sartu eta emakumea zein adin txikiko seme-alabak labana batekin mehatxatzeagatik eta iraintzeagatik.
Koroatze auzoko etxebizitza batean oihuak eta irainak entzuten ari zirela ohartarazi zioten Poliziari, 17:00ak aldera. Patruila bat bertara iritsi zenean emakume batek hartu zituen adingabeko seme-alabekin. Emakumeak azaldu zuenez, senar ohiak etxebizitzara joan zen, iraindu egin zuen eta labana batekin heriotza mehatxuak egin zizkien.
Agenteek lekuko baten testigantza ere jaso zuten.
Bildutako informazioari esker, ihes egindako gizonezkoa minutu gutxiren buruan aurkitu zuten, eta atxilotu egin zuten epailearen esku uzteko.
Gasteizko Udalaren datuen arabera, 2024an 581 emakume artatu zituzten udal zerbitzuek indarkeria matxistaren ondorioz, eta Udaltzaingoak genero indarkeriari lotutako 182 delitu erregistratu zituen urte berean.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.