Rodions Kurucs Baskonia saskibaloi taldeko jokalariak indarkeria matxista gutxietsiz azken egunotan egindako adierazpenak salatu dituzte Gasteizen, eta Baskoniari neurriak hartzeko eta diskurtso matxisten aurka posizionatzeko eskatu diote.
Itaia Gasteiz, Amarauna Basket Fem, Indar Baskonia, Ecagas, CB Siberia Gasteiz, Jotake, Elemento Sport Lakua eta Urgatzi 1. Nazional Senior Mutilak taldeek salatu dituzte jokalariak sare sozialetan eta irratian egindako elkarrizketa batean indarkeria matxistaren inguruan egindako adierazpenak.
2019an bikotekidea itotzen eta hari erasotzen saiatzeagatik atxilotu zuten Kurucs, eta horren harira adierazi du gizon askok ezin dutela hitz egin eta "bidegabe" errudun jotzen dituztela. Gainera, abusua "bi norabideko fenomeno" gisa aurkeztu zuen,"gizonek emakumeen aurka zein emakumeek gizonen aurka" egiten dutela adieraziz.
Salaketa faltsuak, %0,01
"Horrelako mezuek ez dute lekurik ez Baskonian ezta Gasteizen ere" esan dute eragileek, eta gezurtatu egin dute salaketa faltsuen inguruan zabaltzen den diskurtsoa. "Salaketa faltsuak salbuespena dira. Datuen arabera, %0,01era ere ez dira iristen. Emakume askoren testigantza eta bizi duten indarkeria sistematikoki zalantzan jartzeko erabiltzen da salaketa faltsuen diskurtsoa, benetako arazoa lausotuz".
"Indarkeria matxista ezin da ukatu" azpimarratu dute kirol taldeek, eta gogorarazi dute aurten jada lau erailketa matxista izan direla Euskal Herrian. "Emakumeon aurkako indarkeria zalantzan jartzeak ondorio politiko eta sozial oso larriak ditu: erasotzaileen inpunitatea indartzen du eta emakumeon aurkako indarkeria betikotzen du".
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.