Jose Uruñuela udal dantza kontserbatorioak bi urtean behin egiten duen jaialdia ospatuko du asteburu honetan Gasteizko Felix Petite antzokian. Bi gala antolatu dituzte. Lehena larunbatean izango da, 18:00etan, eta bigarrena maiatzaren 31n, 12:00etan.
Ikastetxeko hamaika ikastarotako 135 ikaslek hartuko dute parte jaialdian, dantza aurreko ikastaroetatik hasi eta ikasketa profesionaletako 6. mailara artekoek. Asteburu osoan zehar, estilo ezberdinetako (dantza klasikoa, garaikidea, euskal dantzak...) 17 pieza eskainiko dituzte, gala bakoitzean 14 koreografia interpretatuz. Ikuskizun hauetarako sarrerak dagoeneko salgai daude 14 euroren truke, Udal Antzoki Sareko leihatilan zein online.
Bestalde, datorren ikasturterako matrikulazio epea zabalik dagoela gogorarazi dute zentroko arduradunek. Dantzako oinarrizko ikastaroak eta ikasketa profesionalak eskaintzen dituen Euskadiko kontserbatorio bakarra dela gogoratu dute. Izena emateko prozesua ikasketa motaren araberakoa izango da.