Topa! Gasteiz Sagardo Eguna egingo dute ekainaren 6an Aihotz plazan

Erlantz Anda 2026ko maiatzaren 29a

Topa! Gasteiz sagardo eguna 2025. Argazkia: EUSKAL SAGARDOA

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak antolatuta, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagardotegietako sagardoak dastatzeko aukera izango da egun osoan zehar. Txomin Parrillaren produktuak, dastatze gidatuak, kaleko musika eta DJ Malandroren saioa ere izango dira.

Topa! Gasteiz Sagardo Eguna egingo dute ekainaren 6an, larunbatean, Aihotz plazan. Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak antolatuta, 11:30etik 14:30era eta 17:00etatik 21:00etara izango da ekitaldia, eguerdiko geldialdiarekin.

2025eko edizioak izandako harrera ona ikusita, Euskal Sagardoak berriz ere antolatu du Topa! Gasteiz ekimena 2026an. Ekintza multzoaren jarduera nagusia ekainaren 6ko Sagardo Eguna izango da. Aihotz plazan sagardotegien postuak jarriko dituzte, eta bertaratzen direnek kopa eta tiketak eskuratuta euskal sagardo ezberdinak dastatzeko aukera izango dute.

Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagardogileek hartuko dute parte. Aukeran izango dira, besteak beste, Altuna (Urnieta), Axpe (Markina-Xemein), Etxeberria, Gurutzeta, Petritegi eta Zapiain (Astigarraga), Iturrieta (Aramaio), Izeta (Aia), Kuartango (Zuhatzu Kuartango), Oiharte (Zerain), Trebiñu (Trebiñu) eta Zelaia (Hernani) sagardotegietako sagardoak.

Sagardo dastaketaz gain, bertako produktuen dastatze postuak ere izango dira Txomin Parrillaren eskutik. Halaber, Mikel Garaizabalek gidatutako dastatze saioak antolatu dituzte. Giroa borobiltzeko, goizean kaleko musika izango da, eta arratsaldean DJ Malandroren saioa.

Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren helburua da bertako sagarrez egindako kalitatezko sagardoak ezagutaraztea, eta Gasteizko zein Arabako sagardozaleei jatorri deituraren barruan egiten diren produktuak gerturatzea. Gaur egun, Euskal Sagardoa Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako sagarzaleek eta sagardogileek osatzen dute, eta Nafarroa, Ipar Euskal Herria eta Trebiñu ere egitasmoan sartzeko lanean ari dira.

Ekainaren 6ko Sagardo Egunak amaiera emango dio Topa! Gasteiz ekimenaren aurtengo egitarauari. Izan ere, ekainaren 2an egin ziren 2025eko uztaren aurkezpen ofiziala eta ostalaritza sektoreari zuzendutako afari-maridatua.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago