Eusko Jaurlaritzak baimena eman dio Ventaja Solar 8 enpresari Gasteizko udalerrian eraiki nahi duen FV Bitxilore Solar parke fotovoltaikoari, hasierako proiektua murriztu ondoren. Enpresak 2023an aurkeztu zuen egitasmoa, Jungituko herrian 11.144 eguzki plaka jartzeko asmoz, baina ingurumen inpaktuaren txostenean egindako ohartarazpenen ondorioz, azkenean 9.396 plaka izango ditu instalazioak.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak eman du aurretiazko administrazio baimena, eta gaur argitaratu da aldizkari ofizialean. Proiektuak 5,013 MWp-eko potentzia izango du, hasierako planteamenduan aurreikusitakoaren parekoa.
Jaurlaritzaren ingurumen txostenak adierazi zuen parkeak eragin nabarmenak izango zituela inguruan, batez ere nekazaritzarako "estrategikoak" diren lurrak okupatzeagatik. Gainera, ondorioztatu zuten hasierako hedadurarekin ezinezkoa zela inguruko natura ondareari kalterik ez egitea.
Horren ondorioz, Ventaja Solar 8 enpresak proiektua moldatu zuen, eta erabaki azalera bost hektareatik beherakoa izatea; azken bertsioak 4,98 hektarea hartzen ditu. Administrazio baimena eskuratuta, enpresak urtebeteko epea izango du orain eraikuntza baimena eskatzeko.