Segurtasunaren kultura zigortzaileari alternatibak bilatzeko kongresua Gasteizen

Jon Hidalgo 2026ko maiatzaren 26a

Salhaketa Arabako kideen mobilizazioa Gasteizen. Argazkia: ALEA

Nazioarteko adituz eta gertuagoko esperientziez osatutako kongresua izango da Gasteizen irailaren 1etik 4ra. Espetxeen eta segurtasunaren logika punitiboen aurrean alternatibak bilatu eta azaltzeko aukera zabalduko dute.

Segurtasunaren kultura zigortzailearen aurkako nazioarteko kongresua izango da irailean Gasteizen. "Zelatatze gehiago, polizia gehiago eta zigor gehiago irtenbide bakartzat aurkezten diren garai honetan, bestelako alternatibak pentsatu eta eraikitzeko espazio bat" zabaldu nahi izan dute punitibismoaren aurkako zenbait eragilek.

Salhaketa Arabak, Salhaketa Nafarroa, Europako Fear and Looting in the Periphery lan taldea eta Euskal Herriko Unibertsitateko kideekin batera, Europa mailako 54. biltzarra antolatu dute. Gasteizen izango dira jardunaldiak, 2026ko irailaren 1etik 4ra.

Alternatives to Punitive Security Culture: Organising for Social Liberation (Alternatibak segurtasunaren kultura zigortzaileari: Gizarte askapenerako antolatzen) du izenburua kongresuak. Lau egunez, hiria topagune bilakatuko da nazioarteko aktibistentzat, ikertzaileentzat, kolektiboentzat, mugimendu sozialentzat eta komunitateentzat. Hainbat gai izango dituzte hizpide: espetxeak, polizia, mugak, kontrol soziala, arrazakeria instituzionala, feminismo antipunitiboak, justizia eraldatzailea eta erresistentzia kolektiboak.

Nazioarteko eta bertako ikuspegiak

Goizeko saioak EHUko Gizarte Langintzako Fakultatean egingo dira, eta bertan tokiko zein nazioarteko ekarpenak jasoko dituzten mahai‑inguruak antolatuko dira. Helburua da zigorraren eta segurtasun kultura punitiboaren aurrean dauden alternatibetan sakontzea, eta gaur egungo eztabaida nagusiei heltzea.

Arratsaldeetan, berriz, inguruko mugimendu eta kolektiboek dinamizatuko dituzte jarduera eta formatu ezberdinak, alternatibak azalduz, eguneroko praktiketan eta antolakuntza esperientzia zehatzetan oinarrituta. Antolatzaileek nabarmendu dute "beldurraren eta zigorraren kulturaren aurrean" antolakuntza kolektiboaren eta askapen sozialaren aldeko apustua berresten dutela.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago