Azkenean erabaki da. Aurten ez da blusa eta neska kuadrillen joaneko eta itzuliko paseillo bana izango. Bakarra egingo dute, baina Batzordeko eta Federazioko kuadrillak banatuta, ordu ezberdinetan abiatuta.
Udalak, Batzordearekin eta Federazioarekin adostuta, 2026ko Gasteiko jaietako paseillo bakarraren xehetasunak jakinarazi ditu. Ibilbidea U formakoa izango da, hirigunean hasi eta amaituta: Olagibel kaleko izkinatik abiatuko da, Foru kaletik behera jarraituko du, Dato kalera iritsiko da, eta Posta parean amaitu. Bidean, Ortiz de Zarate eta Florida ere zeharkatuko dituzte, ohiko bueltako zatia berreskuratuz. Furgonetek, segurtasunagatik, Alaba Jeneralaren kalean egingo dute desbideraketa.
Ordutegia ere zehaztu da: Batzordeko kuadrillak 17:00etan aterako dira, orain arteko joaneko ordutegiari eutsita; Federaziokoak, berriz, 19:30ean irtengo dira, bi ordu eta erdiko tartea utzita. Tarte hori kalkulatu da parte hartzaileen kopurua kontuan hartuta, eta aurreikusi dute kalejira osoak hiru ordu inguru iraungo duela. Hurrengo asteetan kuadrilla bakoitzaren irteera ordena zehaztuko da, euren jardueren eta antolaketen arabera.
Aldaketa honek ez du esan nahi bi erakundeen bateratzea gertatuko denik. Batzordeak eta Federazioak bereizita jarraituko dute, nahiz eta elkarlana gero eta estuagoa izan, azaldu dutenez. Udalak nabarmendu du akordioa "hilabeteetako lanaren eta adostasunaren emaitza" dela, eta helburua dela "tradizioari eutsiz segurtasuna eta antolaketa hobetzea".