Etenaldi luze baten ostean, bueltan da Gasteizko Artgia sorgune eta aretoa. Basoan pintura proposamenarekin ekingo dio etapa berri bati, belaunaldi arteko elkarrizketa koloretsu batekin. Ostiralean inauguratuko dute, maiatzaren 29an, eta ekainaren 27ra arte izango da Judimendiko txokoan.
Bilduma osatzen duten zortzi piezen ardatza Larraitz Ugartemendia eta Jossette Dacostaren sorkuntzen arteko harremana da. Bi emakume hauek, adin eta ingurune ezberdinetakoak izan arren, naturarekiko eta sormenarekiko grina bera partekatzen dute. Artistek adierazi dutenez, beren obren bidezko elkarrizketa zuzena sortu dute, hitzen beharrik gabe, "sentsazioetan murgildu eta aurrera eginez". Koloreek eta naturak elkartuta, erakusketak basoaren energian murgiltzeko gonbita luzatzen dio ikusleari.
Obren artean, elkarrekin egindako artelan bat ikus daiteke, bost pieza txikiagoz osatutakoa, basoan bertan sortutakoa. "Elkar oso ongi ulertu dugu margotzerako garaian, kasik ez da hitzik behar izan lanerako. Sinbiosi moduko bat izan da. Elkarrizketa berez sortu da, bai kromatikoa zein inguruarekikoa", nabarmendu du Ugartemendiak.

Larraitz Ugartemendia (Irun, 1983) arte bisualetako irakaslea da, eta Oiartzungo baserri-dorre batean bizi da; bere lanetan, pintzelkada energetiko eta kolore bizien bidez, basoko zuhaitzen artean iragazten den argia eta unean uneko sentimenduak islatzen ditu. Bestalde, Jossette Dacosta (Bordele, 1944) Nafarroa Behereko Izura herrian bizi da, eta ingurune naturaleko zein eraikin zaharretako elementuak hartzen ditu inspirazio iturri.
Basoan erakusketarekin batera, gainera, beste nobedade bat ere iragarri dute Artgiako gaurko agerraldian. Izan ere, Alba Tojo Murgiako sortzaileak Judimendiko areto honetara mugitu du bere sorkuntza tailerra. Irantzu Lekuerekin batera horma-irudietan, kudeaketa kulturalean eta artibismoetan lan egin ondoren, orain harekin batera Artgia aretoko kudeatzailekide berria da.