Loreek hartuko dute Gasteiz asteburu osoan zehar

Lucia Flores eta Jon Hidalgo 2026ko maiatzaren 22a

City of Flowers jaialdiaren hirugarren edizioa inauguratzeko prest, eta loreen presentzia nabarmena da jada Gasteizko erdialdeko kaleetan. Igandera arte, maiatzaren 24ra arte iraungo du jaialdiak, erakusketa, tailer, hitzaldi eta bestelakoekin.

Arabako hiriburua kolorez jantziko da asteburuan. Maiatzaren 22tik 24ra bitartean ospatuko da City of Flowers jaialdiaren hirugarren edizioa, lore instalazio eta proposamen artistikoz betetzeko Gasteizko kaleak, saltokiak eta txoko ezberdinak. Hiria dinamizatzeko eta tokiko merkataritza sustatzeko sortu zen ekimena, eta 34 jarduera bilduko ditu aurten, hiru egunez naturaren eta sormenaren inguruko esperientziak eskainiz.

Jaialdiaren ardatz nagusietakoa da tokiko floristen eta merkatarien parte hartzea. Haien eskutik, erdiguneko kaleak lorez estalitako ibilbide ireki bihurtuko dira, Andre Maria Zuriaren plazatik hasi eta Dato kaleraino, tartean Loma Jeneralaren plaza, Florida parkea, Prado kalea eta Arka plaza igaroz. Bertan, bisitariek erakusleiho apainduak, landare konposizio bereziak eta unean uneko instalazio artistikoak aurkitu ahal izango dituzte.

Tailer sortzaileak, loreen arteari eta lorazaintzari buruzko hitzaldiak eta erakustaldiak ere jaso dituzte programan, zale berezientzat zein publiko orokorrarentzat pentsatuak. Bisita gidatuak ere antolatuko dira, euskaraz eta gaztelaniaz, instalazioen xehetasunak eta erabilitako espezieak ezagutzeko. Inaugurazioa ostiraleko 19:00etan izango da Plaza Berrian, Sonia Vera Swing Band taldearen emanaldiarekin eta plazako ostalarien pintxo dastaketarekin.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago