Gaurtik aurrera zabalik Gamarra eta Mendizorrotzeko igerilekuak

Jon Hidalgo 2026ko maiatzaren 22a

Gamarrako igerilekuak. Argazkia: ALEA

Udako giroa heltzearekin batera zabalduko dituzte ateak Mendi eta Gamarra kirol instalazioek ostiral honetan. Inoiz baino lehenago aurten, eta irailaren erdialdera arte. Berrikuntzak dakartzate instalazioetan eta eskaintzan.

Mendizorrotza eta Gamarra gaur zabalduko dira, ostiralez, eta asteko egun guztietan egongo dira zabalik, 08:00etatik 22:00etara. Gamarraren kasuan, Eskalmendiko sarrera 8:00etan irekiko da, eta Zumarren etorbidekoa 10:00etan; lehen bi orduetan Eskalmenditik soilik sartu ahal izango da. Instalazioetako igerilekuen ordutegiak aldakorrak izango dira, epeka, uda bukaera arte.

Denboraldiak berrikuntza ugari dakartza. Mendiko instalazioetan pedilubioak eta igerileku olinpikoko hondartza erabat berritu dira, material sintetikoarekin, irrist egitea saihesteko eta garbiketa errazteko. Eraikin sozialak bere ohiko zerbitzuak mantenduko ditu; are gehiago, gune sozialeko altzariak berritu dira erosotasuna eta estetika hobetzeko. Gainera, bi izozki saltoki berri gehituko dira aurten, ohiko hostalaritza zerbitzuari laguntzeko.

Gamarran ere zabaldu da eskaintza. Bi foodtruck izango dira igerilekuen inguruan, berritasun nagusi gisa, janaria, izozkiak eta edaria eskainiz. Horrez gain, Mendi eta Gamarran uda dinamizatzeko programa berria abiatuko da: ekainaren 22tik uztailaren 31ra, astelehenetik ostiralera, 16:30etik 19:30era, adin guztietarako jarduera ludiko eta sortzaileak eskainiko dira.

Sarrerak eta abonuen prezioak ere zehaztu dira. Udal kirol instalazioetako urteko abonuarekin sarrera librea da bietan, eta Gamarrak udako abonu berezia du eskura prezio murriztuekin adinaren arabera. Eguneko sarreren tarifak ere aldatu egiten dira instalazioaren eta adinaren arabera, 0 eurotik (4 urtera arte, bietan) 14,25 eurora arte (Mendizorrotzan, 30 urtetik gorakoentzat).

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago