xanti arrieta

"Erakusketa hau prozesu bat da, zabalik dagoen proiektua"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko maiatzaren 24a

Xanti Arrieta eta Txema Ramirez de la Piscina. Argazkia: ALEA

'Gernikak. Begiradak' erakusketa bigarrenez paratu dute Gasteizen, oraingoan kultura etxean. Picassoren obratik abiatu eta gerren zentzugabekeriaz gogoeta egin dute Xanti Arrietak eta Txema Ramirez de la Piscinak.

Picassoren obra ezaguna gaurko gerra eta krimenekin lotu ditu Xanti Arrietak (Bergara,1959) Gernikak. Begiradak erakusketan. Iaz jada ikusi ahal izan zuten gasteiztarrek IAKn, eta berriro dute ikusgai, kasu honetan Gasteizko kultura etxean, maiatzaren 29ra arte. Pintura, zeramika, zura, argazkilaritza  eta eskulturarekin batera, Txema Ramirez de la Piscina kazetari eta bidelagunari esker, hamar kolaboratzailek parte hartu dute proiektuari testuak jarriz; Castillo Suarezek, Eñaut Elorrietak, Kirmen Uribek, Onintza Enbeitak edo Nerea Ibarzabalek, besteak beste.

Ukrainako gerra hasi zenean Arrietak egin zuen lehen obrak 'Maleta' izena du. ALEA

Bigarren aldia da erakusketa Gasteizen dagoena. Zer dela eta? 

Bigarren aldia da Gasteizen dagoela, baina bigarren hau etorri aurretik Gernikatik, Altsasutik eta Elorriotik ere pasatu da. Ez da normala bi urtetan bi aldiz pasatzea, baina aukera zabaldu zen kultura etxean paratzeko, eta publiko zabalago batera iristeko asmoarekin ekarri dugu. Proiektu hau prozesu bat da, zabalik dagoen proiektua da, obra berriak egiteko eta kolaboratzaile berriak batzeko. Gaiak, zoritxarrez, gaurkotasuna du.

Proiektua noiz eta nola sortu zen?

Nire artista prozesuan bide desberdinak jorratu izan ditut: erakusketak egin izan ditut askotan Dato kaleko Laboral Kutxaren erakusketa aretoan, azokak, irakaskuntzan ere aritu naiz, eta denbora bat neraman zerbait desberdina egin nahi nuela. Orduan Ukrainako gerra hasi zen, eta hor finkatu zen proiektua. Lehenengo irudiak ikusterakoan telebistan, oso gordinak, pentsatu nuen: jo, berriro Gernika! Zenbat Gernika dauden? Eta galdera horretatik, hari horretatik tiraka, hasi nintzen probak egiten oraindik garbi eduki gabe zer egin nahi nuen. Ukrainako desastrea hasi zenean hasi zen niretzat prozesua.

"Testua ez da obrari jarri diodan txaplata bat, lanaren parte da, barruan dago"

Zein hausnarketa bultzatu nahi duzu erakusketarekin?

Niri sortu zitzaidan ezinegona sortzea bilatu dut. Ezinegonetik sortutako obra bat da, behar nuen hori ateratzea, eta nire hizkuntza artea da.

Lan artistikoarekin batera hitzak ere ekarri dituzu erakusketara, eta ez edozeinen hitzak.

Berehala konturatu nintzen hitzak behar nituela, baina ez nolanahikoak. Erraza da obra egiten hasi eta, adibidez, Pablo Nerudaren hitzak hartu, kopiatu, eta listo, baina nik beste pauso bat eman nahi nuen. Txema Ramirez de la Piscina ezagutzen nuen, berari kontatu nion proiektua, eta kontaktuak Txemak egin ditu, lan sakona. Ni harrituta geratu nintzen aipatu zidanean zer izenekin kontatzen genuen: Eñaut Elorrieta, Amets Arzalluz, Kirmen Uribe… Ni naiz de tercera regional esaten dena, eta haiek dira champions leaguekoak. Lan hori Txemak eraman du, eta aberastu egin du proiektua izugarri. Txema eta bion artean antolatu dugu obra, azaldu diegu kolaboratzaileei nondik nora zihoan eta askatasun osoa eman diegu testua idazteko. 

Nolakoa izan da hitzak eta eskulturak, pinturak, argazkiak… antolatzeko prozesua? 

Obra joan nintzen sortzen testuak egongo zirela jakinda. Gernika bonbardaketa eta Gernika obra daude, eta bonbardaketa ezagutzen da koadroa ezagutzen delako. Nik koadroa hartu dut, Picassorena, eta koadroan dauden bederatzi figura konkretu atera ditut. Bederatzi figura horiek hartu eta kontestu batean ipini ditut. Kontestua aipatzean esan nahi dut ni oinarritzen naizela garaiko argazki eta testigantzetan, eta kolaboratzaileek emandako testuetan. Testua ez da txaplata bat, obraren parte da. Gainera eskuz idatzi ditut testuak, letraz letra, ez da inprimaketa lana izan, banan-banan idatzi ditut eta letra diferenteak daude koadroaren arabera. Adibidez, testigantzak jasotzen dituzten koadroetan eskuz idatzitako letrak imitatu ditut, arkaikoagoak.

'Zezena' bakearen alde eta gerraren kontrako mezuarekin lotutako pieza. ALEA

Gainera, nobedadeak ekarri dituzu Ignacio Aldekoa kultur etxeko erakusketara, ezta?

Gasteizera berriz etorri behar nintzela jakin nuenean Ernestina de Champourcinen Junquera poema aurkitu nuen, eta horren harira familia bat irudikatu dut La Jonquerara, erbestera, pasatzen. Bigarren obra Afrikari dedikatua da. Gernika ez zen izan lehenengo sarraskia, eta zoritxarrez ez da azkena izango, baina beti agertzen diren gatazkak, guretzat ezagunak direnak dira gure munduan direnak, Ukrainakoaz ondo enteratzen gara, baina beste batzuetaz… Eta beti sortzen zitzaidan nolabaiteko kezka bat Afrika ahaztuaren inguruan, eta finean Afrikan dauden gatazkek eragiten dutela bertakoek patera bat hartu behar dutela eta batzuk bidean hiltzen direla. 

"Gernikakoa ez zen izan lehenengo sarraskia eta zoritxarrez ez da azkena izango"

Erakusketarekin batera hitzaldiak ere antolatzen ari zarete.

Inportantea da esatea tokian tokiko elkarte memorialistekin hitz egin dugula proiektua aurkezteko, eta gonbitea egin diegula parte hartzeko. Haiekin batera hitzaldiak antolatu ditugu kasu batzuetan, eta oso harreman aberatsa izan da. Gernika Memoriaren Lekuko elkarteak proiektuan parte hartu zuen Astran egon ginenean, eta hitzaldiak antolatu zituzten; Elorrion Lamunarrieta 1937 Memoria Historikoa elkarteak antolatu zuen hitzaldi bat, eta Gasteizko kultura etxean, berriz, hilaren 27an, Josu Santamarina historialariak hitzaldia eskainiko du, Araba 1936 gerra errepresioa eta memoria tituluarekin.

Maiatzetik aurrera non topatu daiteke erakusketa?

Hurrengo hitzordua irailean dugu, Donostian, Ernest Lluch liburutegian; hurrengo urtean, urtarrilean, Palacio del Condestablen izango da, Iruñean, eta apirilean Getxon, Erromoko kultur etxean.

Malagako 'La Desbanda' eta Gaza, moneta bereko bi aldeak. ALEA

Aparteko hitzak

Txema Ramirez de la Piscina kazetari eta erakusketaren koordinatzaileak testu propioak landu ditu eta kulturako pertsona erreferenteen testuak bildu. Kolaboratzaileen prestutasuna eta eskuzabaltasuna eskertu du Ramirez de la Piscinak, eta azpimarratu du aparteko testuak egin dituztela pieza ezberdinen inguruan. Nabarmendu du  Castillo Suarezek itzuli duen Ernestina de Champourcinen La Junquera poema ezaguna. "Nik dakidala orain arte ez zegoen euskaraz, eta merezi du azpimarratzea Castillo Suarezek egin duen itzulpena, poema bereziki zaila delako, eta izugarri ederra egin duelako".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago