Batuta dago Judimendi

Jon Hidalgo 2026ko maiatzaren 22a

Maialen Saez de Okariz eta Josu Ramos, Batutako kideak. Argazkia: ALEA

Batutan, Judimendiko elkartasun sarean, bost urte daramatzate auzoko loturak indartzen. Oztopoak oztopo, auzokideen beharrak identifikatu eta arazoei irtenbide kolektiboak emateko lanean dihardute, komunitate politikoa eraiki eta mehatxuei aurre egin ahal izateko.

Gasteizko Judimendi auzoan bada sareak josten dabilen jendea, auzokideen artean harremanak eraikitzen, eta komunitatea sendotzeko lanean. Beste hainbat eragileren artean, Batutako kideek ere urteak daramatzate ildo horretan ekarpena egiten, eta sarearen bosgarren urteurrena baliatu dugu atzera begiratzeko. Maialen Saez de Okariz Ruiz de Sabando eta Josu Ramos Etxezarreta kideekin hitz egin dugu, izandako arrakastak eta zailtasunak aztertzeko.

Pandemiaren ostean sortu zen Judimendin Batuta Elkartasun Sarea, auzokideen arazoei indibidualki aurre egin beharrean modu kolektiboan heltzeko, eta komunitate politikoa sortzeko asmoz. Euskal Herriko beste hainbat txokotan sortutako elkarlaguntza sareen joerari jarraituz, auzoko militante batzuk elkartu eta martxan jarri zuten proiektua, hiru hanka nagusi izan dituena sorreratik gaurdaino: elkartasuna, komunitatea eta salaketa. Gorputz beraren hiru hanka, etengabeko egokitzapen lanetan.

Lehen pausoa auzoko beharrak identifikatzea izan zen. Hasierako bultzatzaileek ikusten zuten auzokide askok arazoak zituztela etxebizitzarekin, fakturak ordaintzen… baina ez zuten haiek aukeratu nahi izan problematika zehatz bat, auzokideei entzun baino lehen. Horregatik, ikasturte osoan zehar aritu ziren auzokideekin harremanak egiten, auzoaren diagnosia egin eta lehen lan ildoak zehazteko. Auzoko komertzioekin ere sortu zuten aliantza, "elkartasun antena" izan zitezen, beharrak identifikatzen laguntzeko.

Elkartasunaren ildoaren baitan, arazoak kolektiboki lantzeko saiakera ugari egin dituzte urteotan. Hainbat tailer eta formakuntza antolatu dituzte auzokideen mesedetan, energiaren garestitzeari buruzkoak esaterako, eta Elkartasun Txokoa ere abiatu zuten, bizilagunek beren arazoak aurkeztu eta denen artean konponbidea bilatzeko. Hala ere, nabarmendu dute askotan, gune formaletan baino, paraleloki saretzen ari zen komunitateari esker eraiki dutela auzoaren "erradiografia osoagoa". Harremanen bidez, modu naturalean.

"Auzokideen bizi erritmoek zehaztu dituzte Batutaren plangintzen denborak, eta ez alderantziz"

Harreman naturalak, bai, baina aktiboki sortuak. Ramosek azpimarratu duenez, "indar handia jarri dugu harremanak egiten eta sendotzen". Hala joan dira saretzen, elkargune atseginak sortzearen poderioz, hitzaldiak soilik antolatu baino, bazkariak, merendolak eta txangoak eginez. Harremanak sortzeaz gain, arazoak identifikatu eta kolektiboki lantzeko aukera eman die horrek.

Baina kontraesanak ere sortu izan dizkie elkar laguntzeko egiturak. "Ez genituen komunitatetik egin nahi, modu boluntarioan, berez instituzioek egin beharko lituzketen lanak", ohartarazi du Saez de Okarizek.

Horregatik izan da beharrezkoa salaketaren hanka ere. Arazoak konpontzen saiatzeaz gain, presio egiten ere aritu dira kasuan kasu ardura zuten instituzioei, behar horiek haiek asetu zitzaten. Bestetik, salaketak balio izan du auzoan identifikatutako mehatxu ezberdinei aurre egiteko ere, izan bizitzaren garestitzea salatuz, edo etxebizitzarekin espekulatzen zuen auzoko negozio baten aurka eginez, besteak beste. Arrisku batzuk desagertu egin dira, eta beste batzuen aurrean adiago daude orain auzokideak.

Auzoko sarea indartsu

Asko aldatu da bost urteotan Batutaren egitura, etengabe jakin behar izan dute egokitzen. Baina pozik daude lortutakoarekin, eta auzoko sarea indartsu ikusten dutela adierazi dute. Ez haiei esker soilik, noski. Kontu handiz azpimarratu dute Batuta eragile edo egitura bat gehiago izan dela soilik, berez oso aktiboa den auzo batean. Denetarik izan da urteotan. Batzuetan Batutak sustatu du ekimen batzuen sorrera, beste batzuetan bazeuden ekimen batzuk lagundu dituzte Batutako kideek, eta beste hainbat ekimen beste auzokide batzuek sortu dituzte, autonomoki.

"Baina garrantzitsuena da denak gaudela saretuta", nabarmendu du Saez de Okarizek. Harro hitz egiten dute Judimendin eraikia dagoen sareaz, eta gainerako auzokideen lana ere goraipatu dute. Komunitateko kide ezberdinen artean komunikazio zuzena dago, eta horrek asko sendotzen ditu loturak: "Zerbait behar denean, badakizu zeinengana jo, ezagutza hori badagoelako".

Nabari da bost urte hauetan egindako ibilbidea. "Hasieran Batutako egituratik ikusten zen gauza batzuk gehiago bultzatu behar zirela, edo dinamizatu, baina gaur egun sarea asko zabaldu da, pertsona aktibo pila bat daude, eta Batutak egitura bezala bigarren mailako paper bat hartzen du. Oso positiboa da hori".

"Beharrezkoa da asterokotasunean inplikatua dagoen jendea, baina jende guztiak ez ditu horretarako baldintzak"

Batutaren egituratik gertuago edo urrunago, baina Judimendiko komunitate saretuak dituen askotariko lan esparruak goraipatu dituzte kideek. Etxebizitzaren arazoak lantzen dituen taldea dute, errolda lantzen duena, arrazakeriaren aurkakoa, Euskara batzordea, Judimendi feminista taldea, Ekonomatoa Bionekazaritzarekin elkarlanean, Bizan berriaren aldeko mugimendua, inauteriak eta jai ezberdinak antolatzeko taldeak… luzea da zerrenda.

Bidean ikasiak

Ramos eta Saez de Okarizen ustez, oso garrantzitsua izan da bide honetan bizilagunei eskaini izana sarearen parte izateko modu ezberdinak. "Beharrezkoa izan da asterokotasunean inplikatua dagoen jendea, baina badakigu jende guztiak ez dituela horretarako baldintzak, eta asmatu nahi genuen militatzeko edo parte hartzeko modu bat, guztiontzako irisgarriagoa izango zena. Modu asko daude Batutako kide edo Judimendiko sarearen parte izateko".

Elkargune informalez gain, auzoko asanbladak izan dira Batutaren tresna nagusia, hilabetean behin egin dituztenak, gutxi gorabehera, azken bost urteetan. Bertan proposamenak aurkeztu dituzte auzokideek, baratze jangarri bat esaterako, eta lantaldeak sortu izan dira horiek aurrera ateratzeko.

Kolektibotasunerako joera gainbeheran omen dagoen garai hauetan, erantzun ona jaso dute auzokideen partetik. "Agian batzuek espero zutenaren aurkakoa gertatu da", dio Saez de Okarizek. Ez dute arazorik izan auzokideak elkartzeko, Ramosek dioenez. "Edozer gauza antolatzen dugunean, badago gogoa auzoa saretzeko".

Batuta hasi zuten kideentzako, eta bestelako militantzia eredu batzuetara ohitutako kideentzako, ikasketa prozesua ere izan dela nabarmendu dute. Aurrez ikasiak zituzten eskemetatik ateratzea ere izan baita auzoko sarea indartzeko lana. Askotan joera izaten da helburu itxi bat jartzeko, epe zehatz batzuk, eta horiek betetzen ez badira, frustrazioan jausteko aukera dago.

Baina dinamika komunitarioek beste erritmo bat dute, ezin izaten dira denborak zehatz markatu. "Auzo egitura bat sortzera bagoaz, auzokideek markatzen dituzte denborak, ez guk". Egokitzen ikastea prozesu bat izan da, pazientzia izatea, eta estimatzen ikastea deszentralizazioak eta sare izaera horrek dakarren sendotasuna. Saez de Okarizek azaldu duenez, "ez da egitura zurrun bat, ideia eta egitasmo guztiak ez dira berdin planteatzen. Hori interesgarria da. Antolakuntzarekiko, eskatzen du gure buru karratuak alde batera uztea, eta jakitea etengabe analisiak egiten, ikusten zer aukera dauden".

Elkarbizitza irtenbide

Sortutako sarearen balioa ikusteko adibide egokia da auzokideen arteko elkarbizitza arazoak kudeatzeko zabaltzen diren aukerak ikustea. Gasteiz mailan lokal asko daude hutsik, Judimendin ere bai, eta ezagunak dira halakoen bueltan sortu izan diren arazoak. "Errota auzoan horren aurrean erantzun arrazista bat eman zen, eta auzoetan ikusi genuen bestelako erantzun bat eman beharra". Protokolo bat sortu zuten, prebentzio neurri gisa, arazoak gaiztotu baino lehen konpontzeko.

Elkarbizitza gatazka bat eman zen Judimendin, lonjetan bizi ziren pertsona batzuen eta lonja gaineko blokean bizi ziren bizilagunen artean. Blokeko kideek auzo elkartera jo zuten, erreferentzia handiko erakundea Judimendin, eta elkartekoek Batutako kideengana bideratu zituzten bizilagunak. Ez zioten aterabide arrazista bat eman nahi auziari, eta elkarrizketa ezberdinen bidez lortu zuten arazoa konpontzea. "Irakurketa partekatua egin genuen: bazegoela arazo bat, pertsona hauek ez zeukatela etxebizitzarik". Hori salatzeko baliatu zuten auzia, eta arrakastatsua izan zela nabarmendu dute Batutako kideek.

Bost urteotan auzoko sarea indartzen aritu dira, eta horretan jarraitzeko asmoa dute Batutan. Baina urteurren borobila baliatu nahi izan dute egindako bidea ospatzeko eta, hainbeste gustatzen zaien bezala, auzokideen artean elkartzeko. Datorren maiatzaren 23rako antolatu dute egun osoko egitaraua, Batuta ginen, Batuta gaude lelopean. Sare komunitarioen esperientziak ezagutuko dituzte, baratzean aritu, musika saio ezberdinez gozatu, bazkari herrikoiaren bueltan elkartu, jolastu eta saretzen jarraitu asmoz.

Dena ez da, baina, ospakizuna. Auzoan komunitate aberatsa dutela nabarmendu dute, baina bizirik dagoen edozein komunitate bezala etengabeko mugimenduan dago. Beraz, hausnartzeko denbora ere hartuko dute aurrerantzean, garai berrietara nola egokitu erabakitzeko. Etorkizuneko mehatxuak ez dira hain beltz ikusten, gutxienez, bizilagunen artean Batuta.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago