Arabako Probintzia Auzitegiak 27 urteko kartzela zigorra ezarri dio 2023ko maiatzean Gasteizko apartahotel batean bere emaztea zena hil zuen gizonari. Maltzurkeriaz egindako hilketa delituaz gain, bi abortu delitugatik ere zigortu dute, baita adingabe bat abandonatu izanagatik ere.
Epaileak zaintzapeko askatasunerako eta biktimaren alaba eta aitarengana hurbiltzeko eta harekin komunikatzeko zigorrak ezarri dizkio. Horrez gain, lehenengoari 400.000 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko dio, eta bigarrenari, 200.000 eurokoa, eragindako kalte moralengatik.
Epaia ez da irmoa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian errekurritu daiteke.
Akusazioek 45 urteko kartzela-zigorra eskatu zuten: 25 hilketagatik, 8 abortuagatik eta 4 alaba txikiaren abandonuagatik. Halaber, kalte ordain handiagoak eskatzen zituzten: 500.000 neskatoarentzat eta 250.000 aitonarentzat.
"Hiltzeko asmoa"
Gizonak bikotekidea hiltzeko asmoa izan zuela frogatutzat jo du auzitegiak. "Argi dago erasoa gorputzaren bizi atal batean egin ziola, eta saihets-hezur bat hautsi eta heriotza eragiteko adinako indarrez", jasotzen du ebazpen judizialak. Era berean, gogorarazten du akusatuak "azalekoagoak" ziren hamabi labankada ere eman zizkiola biktimari.
Epaiak azpimarratzen du erasoa ezustekoa izan zela, eta biktimak ez zuela bere burua defendatzeko aukerarik. Gainera, erasoan "ezusteko" azpikeria eta "babesgabetasuna" egon ziren; izan ere, frogatu egin denez, biktima besaulki batean eserita zegoen, alkohola eta botikak hartuta, logalez eta nahasita, eta ez zuen erasoa aurreikusi eta ezin izan zuen bere burua defendatu "inolako unetan".
Biktima 2023ko maiatzaren 27an hil zuten, Gasteizko apartahotel batean, eta hurrengo egunean aurkitu zuten haren gorpua. Bi urteko alaba aldamenean zuen eta bikiez haurdun zegoen.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.