Global Sumud Euskal Herriak ohar bidez azaldu duenez, Gazara bidean zihoazen flotillaren 54 ontziei eraso egin die gaur Israelgo Armadak. Gutxienez hamabi ontzi geldiarazi dituzte militarrek, Zipretik 150 kilometrora. Al-Jaazera hedabidearen arabera, ehun bat ekintzaile atxilotu dituzte; Israelgo hedabideek kaleratu dute Ashdod hiriko portura (Israel) eramango dituztela.
Gaurko erasoari erantzuteko mobilizazioak antolatu dituzte Euskal Herrian. Gasteizen, 19:00etan egingo dute manifestazioa, Artium museotik. Flotillako kide guztien berehalako askatasuna exijitu dute, ontzien atzemateak amaitzea, Gazara laguntza humanitarioa heltzeko korridore humanitario bat irekitzea, Gazaren gaineko legez kanpoko blokeoa bertan behera uztea, eta Euskal Herrian Israelekin dauden kolaborazio guztiak amaitzea.
Global Sumud Euskal Herriak argitu du Euskal Herriko sei lagun daudela atzemandako ontzietan. "Gogorarazi nahi dugu flotilla munduko 70 herritako pertsonek antolatutako indarkeriarik gabeko ekintza bat dela, Israelen legez kanpoko blokeo militarra hausteko, itsas korridore humanitario bat irekitzeko eta Palestinako herriari Gaza berreraikitzen laguntzeko".