Tximist espedizioaren inguruko erakusketa Arabako Artxiboan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko maiatzaren 14a

Gaur aurkeztu dute erakusketa. Argazkia: AFA

Gasteizen sortutako asmo handiko proiektuaren unerik garrantzitsuenak gogoratzen ditu erakusketak.

Tximist espedizioa: Everesteko ametsa izeneko erakusketa inauguratu dute gaur Arabako Artxiboan. Hainbat mendizalek 1974an Everestera igotzeko egin zuten lehen ahalegina jasotzen du erakusketak. "Tximistek azkenean helburua betetzea lortu ez bazuen ere, oinarriak ezarri zituen eta ahalbidetu egin zuen sei urte geroago, 1980ko maiatzaren 14an, Everesten gailurra igotzea lortu zuen euskal espedizioak arrakasta hura gauzatu ahal izatea".

Gasteizen sortutako asmo handiko proiektu haren unerik garrantzitsuenak gogoratzen ditu erakusketak, Himalaiarako sarbidea oraindik mugatua eta oso lehiakorra zen garai zail haiek dokumentatuz. Hainbat objekturen eta dokumenturen bidez Tximist espedizioa zelan prestatu eta garatu zen kontatzen da. Batik bat EMMOA-Euskal Mendizale Fundazioaren bildumako argazkiak, jatorrizko ekipamenduak, zein Nepaleko oroigarri eta dokumentuak dira. Everesteko maketa batek osatzen du erakusketa, espedizioaren buru eta mediku izan zen Ignacio Lorente berak egina.

Erakusketaren aurkezpenean hainbat alpinista eta espedizioko kide izan dira, hala nola, Luis Mari Saenz de Olazagoitia Petxu, Txomin Uriarte eta Angel Lerma. Inaugurazioan Ana del Val Kultura diputatuak adierazi du Arabako Artxiboaren zeregina ez dela bakarrik gordetzen duen dokumentu ondarea kontserbatzea eta zabaltzea, baizik eta "Arabako Kultura Planaren ardatza den memoriarako eskubidea edukiz betetzea, esaterako Arabako eta Euskal Herriaren historiako material garrantzitsuak erakutsiz. 1974ko Tximist espedizioari buruzko erakusketa hor kokatzen da, zalantza barik".

Erakusketan doako argitalpen bat banatzen da. Argitalpenak espedizioaren mugarri nagusiak jasotzen ditu, kide batzuen bilduma pertsonaletako argazkiekin batera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago