Seigarren urtez, txosna ukatu diotela salatu du GKSk

Anakoz Amenabar 2026ko maiatzaren 14a

GKS eta Etxebizitza Sindikatuaren agerraldia. Argazkia: GASTEIZKO GKS

Mugimendu Sozialistako eragileek "beto politikoa" salatu eta gatazka gainditzeko borondate falta egotzi diote txosna batzordeari.

GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuak salatu dute seigarren urtez jarraian Gasteizko txosnagunetik kanpo utzi dituztela. Ezker abertzaleak Mugimendu Sozialistako taldeen aurka aplikatzen duen "beto politikoaren" ondorio zuzena da egoera hau, eragile hauen esanetan. Gogorarazi dutenez, duela bi urte txosna batzordeak gatazka konpontzeko konpromisoa hartu zuen ehunka artista eta eragileren babesa jaso ostean, baina ez da aurrerapausorik izan. "Azken bi ikasturteetan ez da benetako irtenbiderik gauzatu, mahai gainean hainbat proposamen egon diren arren".

Aurtengo prozesuan, bi eragileek batzordean sartzeko eskaera egin dutela azaldu dute, baina ez dute erantzunik jaso. Nabarmendu dutenez, Hala Bedik gatazka gainditzeko eta bi taldeen parte hartzea bermatzeko proposamen bat aurkeztu du, eta GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak ekimen horrekin bat egiteko prestutasuna agertu dute, baina txosna batzordeak proposamenari ezezkoa eman dio "bestelako alternatibarik eskaini gabe".

Zehazki, Sorturen inguruko eragileei eta Ernai gazte antolakundeari egotzi diete ezezkoari eustea. "Ezker abertzaleak bere estrategiarekin jarraitzen du, eta batzordean duen errepresentazio puztua baliatzen du gu zokoratzeko". Ernairen jarrera bereziki kritikatu dute, Gazte Karpa "gune ireki" gisa aurkezten duen bitartean, urtero GKSren parte hartzearen aurka bozkatzen duela adieraziz. Era berean, Jardun taldearen jarreragatik harrituta agertu dira, aldez aurretik babesa adierazi arren, azkenean proposamenari ezezkoa eman diotelakoan.

"Egoera honek ehunka gasteiztar jai esparrutik kanpo uzten ditu beste urte batez, eta Gasteizen egiten duten eguneroko lan militantea ikusaraztea oztopatzen du", salatu dute. Jaietarako hilabete gutxi falta direnean, txosnagunearen parte izateko eskubidea aldarrikatu diote batzordeari, eta iragarri dute salaketa publikoekin jarraituko dutela. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago