Kaldeartek 20. urteurrena ospatuko du, 58 proposamenekin

Anakoz Amenabar 2026ko maiatzaren 13a

Belgikako Be Flat konpainiaren 'Follow me'. Argazkia: BE FLAT

Tokiko nahiz nazioarteko 32 konpainiak parte hartuko dute, ekainaren 12tik 14ra bitartean.

Kaldeartek, Gasteizko kaleko arteen nazioarteko erakusketak, hogei urte beteko ditu aurten, eta 32 konpainiarekin ospatuko du, ekainaren 12tik 14ra bitartean. Inaugurazioa Sylphes Aerial Ballet konpainiaren Aria ikuskizunarekin izango da, eta asteburuan zehar 58 proposamen eskainiko dira.

Tokiko ekoizpenak sei sorkuntza aurkeztuko ditu Kankarro, Bitsa, Koilara, Zurrunka, Azirkarte eta Jose Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioaren eskutik. KaldeArteren aurreko edizioetan zehar parte hartu duten ikuskizunak eta konpainiak ere berreskuratuko dira aurten: Motionhouse, Manolo Alcantara, Osadia, Deabru Beltzak, Markeliñe, Hika eta Trapu Zaharra.

Gainera, edizio honek izaera inklusiboa duten saioak jaso ditu, non dibertsitate funtzionala duten gazteek eta Gasteizko adinekoek parte hartuko duten agertokian, Azirkarte eta La Cote Folle konpainien proiektuetan.

Nazioarteko programazioari dagokionez, hainbat jaialditan saritutako edo izendatutako lanak egongo dira ikusgai. Margarida Monteny artista portugaldarraren Blue, 2025eko Valladolideko TACen interpretazio onenaren saria eskuratu zuena; Madrilgo La Venidera dantza konpainiaren No, 2026an lau Max saritan finalista izan zena; Txema Muñoz mago katalanaren Gota, kaleko ikuskizun onena Gijongo Feten azokan eta kaleko ikuskizun onenaren Max sarietan finalista; Hotel Iocandi Kataluniako taldearen Conhort, 2026ko Talia sarietan zirku ikuskizun onenaren sarietarako hautagaia; Bartzelonako Entre Nous konpainiaren Bordeline, Circorts 2025 jaialdian publikoaren saria eskuratu zuena; Belgikako Be Flat konpainiaren Follow me, Tenerifeko Mueca jaialdian ikuskizun onenaren saria jaso berri duena. 

Horrez gain, ekainaren 14an Harria koreografia lehiaketaren hirugarren edizioa egingo da; aurten 70 proposamen jaso dira eta epaimahaiak Euskal Herria, Italia eta Espainiako lau lan hautatu ditu lehiarako. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago