Afrikaren Asteak bederatzigarren edizioa izango du Gasteizen maiatzaren 23an

Jon Hidalgo 2026ko maiatzaren 12a

Afrikako diaspora elkarteek antolatu dute jaialdia, udalaren laguntzaz. Argazkia: Gasteizko Udala.

Florida parkean egun osoko jaialdi parte hartzailea ospatuko da Afrikaren Astearen bederatzigarren edizioan Gasteizen, datorren maiatzaren 23an. Kultur azoka, tailerrak, antzerkia, magia, dantza, moda eta kontzertuak izango dira, guztiak doan eta irekiak.

Gasteizko Afrikaren Astea jaialdiak bederatzigarren edizioa izango du larunbatean, maiatzaren 23an, Florida parkeko kioskoaren inguruan. Ekitaldia Afrikako diasporako erakundeek antolatu dute, Gasteizko Udaleko Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuaren laguntzarekin, eta kultur aniztasuna, topagunea eta elkarbizitza sustatzea du helburu.

Aurkezpenean izan dira Ana Lopez de Uralde Garapenerako Lankidetza zinegotzia eta diaspora afrikarreko ordezkariak: Aboubacry Kane Diack, Fatimatou Barry Barry eta Maria Victoria Jimenez Perez. Lopez de Uraldek nabarmendu du ekimenak "Afrikako komunitateak gure lurraldean egiten duen lana ikusarazten duela, eta zubiak eraikitzen laguntzen duela herritarren eta Afrikako errealitateen artean".

Jarduera guztiak doakoak izango dira, baina dantza lehiaketan eta moda desfilean parte hartzeko izena ematea beharrezkoa izango da, maiatzaren 20a baino lehen.

Programazioa

9:00etan hasiko da eguna kultur azokarekin. Bertan egingo dute Afrikako erakundeek beren lanaren eta jatorrizko kulturen elementuen erakusketa. Afrika kontinentean proiektuak garatzen dituzten tokiko elkarteek ere hartuko dute parte.

Goizean zehar, publikoari irekitako tailerrak izango dira: txirikorda afrikarrak, henna tatuaje tradizionalak eta beste. Aldi berean, Oihal Artean: Afrikako oihalen tradizioa erakusketa bisitatzeko aukera izango da 11:00etatik 16:00etara. Bisita gidatuak eskainniko dira euskaraz eta gaztelaniaz.

Egunean zehar, haur eta helduentzako ipuin kontaketa, euskarazko magia ikuskizuna eta migrazio prozesuei eta Afrikako komunitatearen eguneroko errealitateari buruzko antzerki emanaldia ere izango dira.

Arratsaldean, 16:30ean hasita, afrobeat estiloetan eta euskal dantzetan oinarritutako dantza lehiaketa egingo da. Ondoren, 18:00etan, Afrikako eta Euskal Herriko moda tradizionalaren desfilea izango da, zuzeneko musikaz lagunduta. Bi jarduerek izaera parte hartzailea izango dutela nabarmendu du udalak, eta sariak banatuko dira. Jaialdiari amaiera emateko, 20:00etatik 23:00etara, Afrikako eta Euskal Herriko artistek kontzertua eskainiko dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago