Udaltzainek 40 urteko gizonezko bat atxilotu zuten larunbat gauean, bikotekideari lesioak eta mehatxuak egitea egotzita, eta genero indarkeriaren esparruko delitua egotzi diote.
Oto etorbideko ostalaritza establezimendu batean zegoen liskar baten harira deia jaso zuen Udaltzaingoak larunbatean 22:30ak aldera. Lekukoen arabera, gizon batek liskarra izan zuen lokaleko zerbitzariarekin, eta lokaleko arduraduna azalpenak eskatzera joan zitzaionean, eraso egin zion. Ez hori bakarrik, bezeroen eta lekukoen arabera, gizonak, gainera, bikotekideari eraso eta mehatxu egin zion establezimenduan. Poliziek emakumearen aurkako mehatxu larriak ere ikusi zituzten.
Bestalde, 33 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuten igandean udaltzainek, bikotekideari lesioak eragitea egotzita.
Arriaga-Lakua auzoko etxebizitza batean eztabaida bat zegoela ohartarazi zuen 092 zenbakira egindako dei batek. Etxebizitzara sartu zirenean dena nahastuta aurkitu zuten poliziek, liskar baten zantzuekin. Poliziek hainbat lesio ikusi zizkioten emakumeari, eta bikotekidearekin eztabaida izan zuela aitortu zuen eta eztabaida horretan, gizonak eraso egin ziola.
Halaber, 53 urteko gizon bat eta 48 urteko emakume bat atxilotu zituzten igandean, elkarri lesioak eragitea egotzita. Gizonari genero indarkeria leporatu diote eta emakumezkoari etxeko indarkeria.
Judimendi auzoko kale batean gizon bat emakume bat jotzen ari zela ohartarazi zuen komisariara egindako herritar batek. Poliziek Santiago etorbidean aurkitu zuten bikotea. Biek aitortu zuten eztabaida bat izan zutela, eta elkarri eraso ziotela.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.