Gasteizek hiri barruko korridore ekologikoak sustatuko ditu

Juanma Gallego 2026ko maiatzaren 7a

Besteak beste, intsektu polinizatzaileen jarduna erraztu nahi dute. Irudia: GASTEIZKO UDALA

Zenbait tokitan landaredia gutxiago moztuko du udalak, lurzorua hobetu eta Eraztun Berdearekin lotzeko. 

Datorren astelehenean abiatuko duen belarra mozteko kanpainan Gasteizko Udalak hainbat berdegunetan landaredia gutxiago moztuko du, gune berde horietan lurzoruaren osasuna hobetu, polinizatzaileen lana erraztu eta Eraztun Berdearekin korridore ekologiko baten funtzioa beteko duten eremuak faboratzeko.

Lurzoruen egoera aztertzeko egin duen azterketa batean oinarritu du udalak estrategia berria. Mozketa gutxiago izango duten lorategi eta belardiak aukeratzeko ingurumen irizpide teknikoez baliatu direla dio udalak.

Iazko udan egindako txosten batean konturatu ziren lurzoru askok trinkotze maila handia zutela, besteak beste makinen etengabeko joan-etorriengatik eta berdegune horien erabilera intentsiboagatik. "Trinkotze horrek lurraren aireztapen naturala zailtzen du eta sustraien garapena mugatzen du, zuhaitzei zein biodibertsitateari eraginez", azaldu du udalak, ohar batean.

Perimetro, ertz eta pasabideetan orain arte bezala landaredia mozten jarraituko duela aurreratu du udalak, "segurtasuna, irisgarritasuna eta berdeguneen ohiko erabilera" bermatu aldera. Mozketa astelehenean hasiko badute ere, orkidea basatiak dauden tokietan, berriz, aste batzuk beranduago hasiko dira, horien ziklo naturalak errespetatzeko.  

Landareek altuera gehiago hartzen dutenean, sustraiak sakonagoak dira, lurraren onerako. Horrez gain, landarediak hezetasuna mantentzen laguntzen du, lur azpiko jarduera biologikoaren mesedean, eta intsektu polinizatzaileen garapena ahalbidetzen du. Atzo bertan Nature aldizkariak argitaratutako ikerketa batek berretsi zuen intsektu hauek zerbitzu ekosistemikoetarako duten garrantzia.

Beatriz Artolazabal Espazio Publikoren zinegotziaren esanetan, horrek berdeguneen "kudeaketa modernoagoa, jasangarriagoa eta arduratsuagoa" ekarriko du. "Gaur egun badakigu lurzoruari arnasa hartzen uzteak eta prozesu naturalen alde egiteak oso ondorio positiboak dituela hiriko ingurumenerako eta osasunerako", azaldu du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago