Bizi Busa antolatu du ostiralean Abendaño Ikastolak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko maiatzaren 7a

Bizi Busa egingo dute bihar Abendañon. Argazkia: PEXELS

Ikastolak bide segurtasuna eta airearen kalitatea hobetzeko premiazko neurriak eskatu dizkio Gasteizko Udalari.

Abendaño Ikastolak Bizi Busa antolatu du ostiral honetan, maiatzaren 8an, ikastetxearen inguruan bide segurtasuna eta airearen kalitatea hobetzeko premiazko neurriak eskatzeko. Street for Kids nazioarteko ekimenaren barruan antolatu dute, eta haurrak eskolara bizikletaz modu seguruan, jasangarrian eta taldean joatea sustatzen duen ekimena da Bizi Busa. 

Halaber, Abendaño Ikastolako Gure Bideak-Bide Seguruak batzordeak eskaera formal bat erregistratu du Gasteizko Udalean, bide segurtasunaren, mugikortasun iraunkorraren eta ikastetxearen inguruko airearen kalitatea hobetzeko premiazko neurriak eskatzeko. Azaldu dutenez, familia ugari kezkatuta daude egunero ehunka haur oinez, bizikletaz, patinetez edo garraio publikoan ikastetxera sartzen diren baldintzengatik.

Gure Bideak batzordeak azpimarratu du eskaera bat datorrela Gasteizko Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planaren helburuekin, plan horrek lehentasuna ematen baitie oinezkoentzako joan-etorriei, bide segurtasunari eta ingurune zaurgarrietan, hala nola ikastetxeetan, motordun trafikoa murrizteari.

Gainera, azpimarratu dute, Ekologistak Martxan taldeak 2026ko martxoan argitaratutako txostenaren arabera, Abendaño Ikastolaren inguruan erregistratutako nitrogeno dioxidoaren mailak Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatutako balioak gainditzen dituztela.

Gauzak horrela hainbat neurri planteatu dizkiote udalari:

  • Eskola sarreretan eta irteeretan semaforoaren denborak berrikustea.
  • Abiadura 20 kilometro ordura murriztea eskola ingurunean.
  • Zirkulazioa lasaitzeko neurriak.
  • Oinezkoentzako seinaleak indartzea.
  • Radar pedagogikoak edo abiadura kontrolak instalatzea.
  • Eskola eremuko seinaleztapen espezifikoa hobetzea.
  • Eskola bide seguruak sortzea.
  • Landare hesiak instalatzea kutsaduraren eragina murrizteko.
  • BEIrekin gurutzatzen duten semaforoetan sakagailuak jartzea.
  • Pixkanaka, hiri autobusak ibilgailu elektrikoekin ordeztea.

"Gure seme-alabak eskolara modu seguruan, autonomoan eta osasuntsuan joan ahal izatea nahi dugu. Kaleek ere haurtzarorako pentsatuta egon behar dute”, adierazi dute Gure Bideak ekimenetik.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago